Izkiña garaile Mossoren oroimenezkoan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uzt. 5a, 16:21

Herriko areto-futbolari dagokionez, denboraldi amaierako kopatzat hartua da Mosso memoriala, denboraldiko azken txapelketa hain zuzen. Aurtengoan Izkiña izan da parte-hartu duten hamabi talderen artetik onena finalean Viña del Mar menderatu ostean.

Pronostikoak betez, Izkiñak irabazi du XXVIII. Mossoren oroimenezkoa. Viña del Mar taldeak ezin izan du ezer egin larunbat eguerdian kiroldegian jokatu den final handian. Izkiñaren hiru golak Aresek, Urtzik eta Asierrek sartu dituzte hasi eta buka Izkiñaren elastikoaren kolore urdina protagonista izan duen finalean.
Finalaurrekoetan Izkiña txapeldunak Buenetxea utzi du kanpoan 4-0eko emaitzaz eta Viña del Marrek berriz, Izarra gailendu du 2-1ekoarekin.
Formatu azkarreko txapelketa izan da, asteburu bakarrean jokatu dena, hau da, ostiral arratsaldean hasi eta larunbat goizerako amaituta zegoen lehiaketa. Partida guztiek 20 minutuko iraupena izan dute.

Lore eskaintza
Ohi den legez, jokalariek talde-argazkia atera dute Miren Urcolarekin, Joxean Mossoren alargunarekin. Ostadar SKT-ko antolatzaileek eta bi taldeek lore-sorta eskaini diote Urcolari eta honek bihotzez eskertu die izan duten keinua.