0 eta 3 urte bitarteko haurrentzat pentsatutako hileko ipuin kontaketa saioa. Gurasoekin batera parte hartuko dute txikiek, eta saioa euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez izango da. Horrek ere haurrak liburuen mundura hurbiltzea du helburu, estimulu sentsorialen eta lotura afektiboaren bitartez.
Karta jokoan aritu zale direnek aukera ederra izango dute enbido eta hordagoka aritzeko Extremadura Etxean, maiatzaren 10ean. Mus txapelketa horretan izena emateko epea ireki du elkarteak, aurrena, bazkideentzat (bakoitzak hiru lagun gonbidatu ahalko ditu), hilaren 22ra arte. Epe hori pasata tokirik balego, inskripzioa herri osora irekiko dute maiatzaren 7ra arte. Parte hartu nahi duen bikote bakoitzak 50 euro ordaindu beharko ditu eta musean hasi aurretik bapo bazkalduko dute jokalariek, honako menu hau dastatuta: eltzekoa, edaria, postrea eta kafea.
Helduen nahiz haurren sariketak martxan jarri ditu Lasarte-Oriako Udalak, urtero bezala, "euskarazko eta gaztelaniazko literatura sorkuntza bultzatzeko", Kultura zinegotzi Ainara Elicecheak jakinarazi duenez. Lanak aurkezteko maiatzaren 16ra arte izango dute idazleek. Helduen lehiaketa 34. aldiz aurrera eramango dute, eta gaztetxoena, 37. aldiz. Elicecheak nabarmendu du "talentu berriak aurkitzeko" ez ezik, ekimenak baliagarriak direla "euskararen eta literaturaren erabilera bultzatzeko". Idazlanek bete beharreko baldintzei buruzko eta sariketei buruzko informazio guztia oinarrietan eskura dezakete herritarrek, baina zinegotziak zenbait xehetasun aurreratu ditu. Obrek originalak eta aurretik inon argitaratu gabeak izan beharko dute eta izengoiti bat erabili beharko dute egileek aurkezterakoan, norberaren datu pertsonalen orria lan horri aparte atxikita. Epaimahaiko kideek urrian deliberatuko dute eta sariak azaroaren 22an banatuko dituzte, kultur etxeko hitzaldi aretoan.
Hilabeteotan bildutako sinadurak Eusko Legebiltzarrera eramango dituzte pentsiodunek. Herriko eragileak autobusa antolatu du ekimenarekin bat egin nahi duten herritarrek joateko aukera izan dezaten. Tiburtzio Artizar tabernan edo Biyak Bat adinekoen egoitzan eros ditzakete txartelak, 12 euroren truke. Horretarako azken eguna maiatzaren 11 izango da. 08:30ean abiatuko dira Gasteizera, Tajamar biribilgunetik. 11:00etan izango da manifestazioa eta 13:15ean itzuliko dira Lasarte-Oriara.
Jalgi Kafe Antzokian margolan erakusketa berri bat jarri dute, Dolores Lameiras herritarrarena. Taberna horretan jarri dituen koadroak ikusi nahi dituztenek maiatz erdialdera arte izango dute horretarako aukera, astearteetatik igandeetara, establezimenduaren ohiko ordutegian.