Solasaldi literarioen zikloaren barruan, Amelie Nothomb idazle belgikarraren 'Estupor y temblores' lana jorratuko dute, irakurketa partekatuan aditu Monica Leivaren eskutik. Sarrera, doan.
Sanpedroak irudiztatzea helburu duten 30 proposamen jaso ditu Lasarte-Oriako Udalak eta bi kanpoan utzi behar izan ditu, berdintasunaren arloan ezarritako baldintzak bete ez izanagatik. Herriko festen ikur izango den afixa aukeratzeko epea hilaren 23tik maiatzaren 7ra artekoa izango da, bi egunak barne. Udalaren webgunea erabili beharko dute horretarako.
Helduen nahiz haurren sariketak martxan jarri ditu Lasarte-Oriako Udalak, urtero bezala, "euskarazko eta gaztelaniazko literatura sorkuntza bultzatzeko", Kultura zinegotzi Ainara Elicecheak jakinarazi duenez. Lanak aurkezteko maiatzaren 16ra arte izango dute idazleek. Helduen lehiaketa 34. aldiz aurrera eramango dute, eta gaztetxoena, 37. aldiz. Elicecheak nabarmendu du "talentu berriak aurkitzeko" ez ezik, ekimenak baliagarriak direla "euskararen eta literaturaren erabilera bultzatzeko". Idazlanek bete beharreko baldintzei buruzko eta sariketei buruzko informazio guztia oinarrietan eskura dezakete herritarrek, baina zinegotziak zenbait xehetasun aurreratu ditu. Obrek originalak eta aurretik inon argitaratu gabeak izan beharko dute eta izengoiti bat erabili beharko dute egileek aurkezterakoan, norberaren datu pertsonalen orria lan horri aparte atxikita. Epaimahaiko kideek urrian deliberatuko dute eta sariak azaroaren 22an banatuko dituzte, kultur etxeko hitzaldi aretoan.
Datorren astelehenean irekiko dute kultur etxean aurrematrikulatzeko aukera 2025-2026 ikasturterako, maiatzaren 7ra arte. Interesa duten herritarrak eraikin horretako bulegora joan daitezke astegunetan, 09:00etatik 13:30era, edo, bestela, formularioa eskatu kultura@lasarte-oria.eus helbide elektronikora idatzita. Iazko tarifak mantentzea erabaki dute arduradunek.
Hilabeteotan bildutako sinadurak Eusko Legebiltzarrera eramango dituzte pentsiodunek. Herriko eragileak autobusa antolatu du ekimenarekin bat egin nahi duten herritarrek joateko aukera izan dezaten. Tiburtzio Artizar tabernan edo Biyak Bat adinekoen egoitzan eros ditzakete txartelak, 12 euroren truke. Horretarako azken eguna maiatzaren 11 izango da. 08:30ean abiatuko dira Gasteizera, Tajamar biribilgunetik. 11:00etan izango da manifestazioa eta 13:15ean itzuliko dira Lasarte-Oriara.