Harrera beroa izan du Okendo Zinema Taldeak antolatutako urteurrenaren festak

Txintxarri Aldizkaria

'Sacamantecas' filma proiektatu ostean, zinemako soinu bandez girotutako mozorro festa ospatu zuten, Jalgi Kafe Antzokian, taldearen 40. urteurrena elkarrekin batera ospatzeko. 

Leporaino bete zuten lasarteoriatarrek Manuel Lekuonako auditorioa, ostiral iluntzean David Perez Sañudoren azken filma ikusteko; 'Sacamantecas'. Juan Diaz de Garayo nekazariaren inguruko istorioak jakin-nahia handia piztu zuen, herrian. 

Proiekzioa amaitzean, herriko erdigunera igaro zen festa giroa. Izan ere, mozorro festa antolatu zuten Okendo Zinema Taldekoek herritarrekin batera ospatzearren taldearen 40. urteurrena. Ordubatak arte iraun zuen ospakizunak, eta pelikuletako abestiek girotu zuten gaua. 

Lau hamarkada zinema sustatzen

Gipuzkoako zinema-elkarterik zaharrenetarikoa da Okendo Zinema Taldea. Multzoaren sustraiak 1986. urtean daude. Garai hartan, herriko Teodosio zinema itxi ostean, zinemarekiko zaletasun handia zuten lagun batzuek —Jose Carlos Carrascok, Edu Galardik, Juli Ollokiegik, Juanpa Navarrok eta Imanol Uribek, besteak beste. Grina horretatik abiatuta, elkartea sortzea erabaki zuten.

Urte hauetan, etenaldiak eta gorabeherak izan badituzte ere, hasierako xedeari eusten diote gaur egun ere; herrian zinema sustatzea eta horrekiko interesa piztu zein zabaltzea, hain zuzen ere. Horretarako, hileroko ohiko proiekzioez gain, beste hainbat egitasmo ere antolatzen dituzte, esaterako, 2021. urteaz geroztik prestatutako Euskal Dokumentalen Zikloa.