"Helburua da herrian zinema sustatzea, horrekiko interesa piztea"

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 16a

Pilar Gartzia eta Mikel Yarza - Okendo Zinema Taldeko kideak

Zinemazaleak dira. Herriko zinema taldeko kideak ere badira, eta ospakizun urtea dutenez aurtengoa, taldearen gaineko kontuak kontatzeko eskatu die TXINTXARRIK

Gipuzkoako zinema elkarterik zaharrenetarikoa da Lasarte-Oriako Okendo Zinema Taldea. Tedoso zinemaren itxieraren ostean, 1986. urtean sortu zuten zinemarekiko grina handia zuten lagun talde bateko zenbait kidek: Jose Carlos Carrascok, Edu Galardik, Juli Ollokiegik, Juanpa Navarrok eta Imanol Uribek, besteak beste. Urte hauetan guztietan etenaldi eta gorabeherak izanagatik, gaurdainoko bidea urratu du zinema taldeak. Lantaldeko kideak ere aldatu dira, eta egun Okendoko kide diren Pilar Gartzia Gartziarekin (Lasarte-Oria, 1965) eta Mikel Yarza Artolarekin (Lasarte-Oria, 1993) hitz egin du TXINTXARRI aldizkariak urtemuga aitzakiatzat hartuta.

Okendo Zinema Taldearen 40. urteurrenaren harira bildu gara elkarrizketa hau egiteko. 1986. urtean sortu zen taldea. Sasoi hartan zuok ez zineten aipatu taldeko kide, gaur egun, ordea, bai. Noiztik parte hartzen duzue bertan?

Pilar Gartzia: Ni ostegunero joaten nintzen ikusle gisa eta egun batean luzatu zidaten taldera batzeko proposamena. Ni, ordea, ez nintzen horretarako prest sentitzen. Filmak ikusten nituen eta zinemaldian ere urte asko ibili izan naiz, baina... Azkenean, bada animatu nintzen. Sorrerako talde haren azken hiru urteetan parte hartu nuen, izan ere, ostean, etenaldi bat gertatu baitzen [2005ekoari egiten dio erreferentzia]. 

A bai?

P.G.: Bai. Orduko talde sortzaileak uzteko asmoa agertu zuen. Erabaki hori hartu zuen eta niri sekulako pena eman zidan. Oso gustura nenbilen eta pentsatu nuen: 'Jo, eta orain?'. Nik jarraitu nahi nuen. 

Hasieran zalantza eta gero... jarraitzeko gogoa. 

P.G.: Bai [irribarreak ihes egin dio]. Orduan esan zidaten bazeudela saioetara ikusle gisa joaten ziren batzuk taldearekin jarraitzeko gogoa izan zezateneak-edo. Haiekin harremanetan jarri, eta bildu ginen. Ibon Telleria, Idoia Etxegoien, Laura Nogueras, Leire Garmendia-eta elkartu ginen. 

Udalak, hasiera batean, ezezko jarrera agertu zuen, eta hor, bada ibili behar izan ginen indarra egin eta egin. Ezetz, esaten ziguten; ezetz eta ezetz, baina guk ahaleginetan jarraitu genuen. Saiakera horretan kontaktuan jarri ginen Antonio Mercerorekin [Lasarte-Oria zinemagilea izan zen]. Gertatzen zitzaigunaren berri eman genion, eta esan, herriko zinema mantendu nahi genuela. Hark udalari eskutitz bat idatzi zion eta horri esker lortu genuen zinema taldea berriz ere martxan jartzea. 

Eta zu, Mikel, noiztik zara Okendo Zinema Taldeko kide?

Mikel Yarza: Ni, uste dut 2013an-edo batu nintzela. 

Beraz, azken urte luzeotan zuok biok, gutxienez, ari zarete. 

P.G.: Bai, ordutik Mikel eta biok. 

M.Y.: Ekipoa apur bat aldatu da, jende berria sartu da, baina betiko funtzionamendu berbera izaten jarraitzen du. 

Zergatik erabaki zenuten herriko zinema taldeko kide izatea?

P.G.: Lasarteoriatarra naiz, baina gaztetan asko ibili izan naiz Donostian; kuadrilla bertakoa nuen. Han hasi ginen hiriari buruzko aldizkari bat egiten, gazte begirada ezkertiar batetik. Muskerkale zen aldizkaria, eta orduan, eman zizkiguten zinemaldirako bi prentsa pase. Garai hartan kuadrillan ez genuen zinemara joateko ohiturarik; noizbehinka pelikula komertzialen bat edo beste ikustera baino ez ginen joaten. Bi pase horietako bat nik erabili nuen, eta bestea erabili gabe geratu zen. Esperientzia harekin flipatu egin nuen. Zinema beste era batera ikusteko aukera eman zidan, eta erabat harrapatu ninduen hark guztiak; pentsa, orduz geroztik zinemaldi guztietara joan naiz, hiru urtez aipatu dizudan aldizkari hartako kide gisa, eta gerora, ikusle bezala. 

Arestian esan bezala, Lasarte-Orian ostegunero egiten ziren emankizunak eta horietara ere joaten nintzen. Baina ez nintzen sentitzen zinemarekiko jakinduriarekin-edo. Filmak ikustea asko gustatzen zitzaidan, baina ez nuen nire burua taldeko kide izateko gai ikusten, Beti izan naiz nire buruarekin oso exijentea. Azkenean animatu eta ederra izan da. Oso giro polita izan da beti eta oso eroso sentitu naiz. Horrela hasi nintzen.

M.Y.: Ni zinema, telesailak-eta asko kontsumitzen hasi nintzen unibertsitate garaian. Esango nuke nire amak hitz egin zuela Pilarrekin, Orbelan ziurrenik. Berarengandik jakingo zuen taldekide berrien bila ari zinetela-edo. Amak horren berri eman zidan, eta berak animatuta erabaki nuen bilera batera joatea. Eta orain arte. 

 

"Ekipoa apur bat aldatu da, jende berria sartu da, baina betiko funtzionamendu berbera izaten jarraitzen du"

 

Agian egongo da Okendo Zinema Taldeko kide izatera animatu daitekeen herritarrik. Zer esango zeniokete?

P.G.: Zinema gustuko izatea, besterik ez dela behar. Niri gustatzen zait gure herria aktiboa izatea, parte hartzailea, eta horretarako, bada herrikook ere halakoak izan behar dugu, ezta? 

M.Y.: Nik gehituko nuke dela partekatzeko tokia. Era berean, esango nieke zinema taldean parte hartzeak aukera ematen duela norberak gustuko duen hori proiektatzeko. Emango diren filmak guk aukeratzen ditugu, orduan taldekide izanda nahi duzun hori erakusteko abagunea daukazu, horretarako espazio bat.

P.G.: Aipatzekoa da ere taldekideontzat herriko zinema doakoa dela; ez dugu emanaldietara joategatik ordaintzen. Eta gero zinemaldian parte hartzeko aukera ere izaten dugu. 

Zeintzuk dira egiten dituzuen lanak? Nola antolatzen zarete horiek aurrera eramateko? Kide bakoitza zeregin zehatz batez arduratzen da, ala egiten duzue dena denon artean?

M.Y.: Nik uste dut argi daukagula bakoitza zertan den trebeagoa-edo, eta orduan, horren arabera egiten ditugu zereginak. Bada, adibidez, diseinua Ingek [Mendioroz] dominatzen du ongien, beraz, kartelei dagozkien lanak berak egiten ditu. Pilarrek, esaterako, urte asko daramatza udaleko teknikariekin harremanetan, orduan udaletxearekin egin beharreko tramiteetarako iniziatiba berak hartzen du. Nire kasuan, aktualitateko zinema gehiena jarraitzen dut eta erreferentzia batzuk ekartzen ditut. Pablok [Barrio] literaturatik datorren begirada ekartzen du. Horrela aritzen gara. Gero Ane [Arteaga] ere bada taldekide. Bera eta Inge zinema profesionalak dira, hortaz, batez ere Anek errodajeetatik-eta zer datorren hurrena-eta jakinarazten digu. Juanjo Erauskinek ere afixak egiten ditu.

Urritik uztailera, hilero-hilero egiten dituzten emankizunak aurrera eraman ahal izateko, beraz, aurretiazko lan asko egin behar da. 

P.G.: Bai. Aurtengoa berezia izango da urteurrenagatik, baina bai. Agian irudi dakiguke pelikula bat proiektatzea baino ez dela egiten duguna, baina hori baino gehiago da egin beharrekoa. Eskatzen du hor egotea, filmak ikustea, aukeraketa egitea, eta abar. Egunean egon behar da. Zuzendariak-edo ekartzen ere beti ahalegintzen gara, eta horrek eskatzen du koordinazioa, agendak koadratzea. Esan berri dugu... udalarekin ere harremana, afixak, e.a.

Nola aukeratzen dituzue proiektatuko dituzuen filmak? Oker ez banago Donostiako Zinemaldia baliatzen duzue hara joan, filmak ikusi eta zerrendatxo bat egiteko, ezta?

M.Y.: Egitasmo horrek markatzen du dezente. Urteko goi denboraldia-edo udazkenean hasten da eta orain, adibidez, datoz izendapenak, eta sariak-eta. Beti gaude adi, nik uste dut saiatzen garela aktualitatean, estreinaldietan dagoen interesgarrienetik hautaketa bat egiten, behintzat zinema ez komertzialetik pixka bat gehiago eman dezakeen zerbait eskaintzeko herriari. Eta beno, aurten ere urteurren urte berezia dugunez, bada agian aldenduko gara aktualitate horretatik ere bai, eta gauza bereziagoak prestatuko ditugu. Agian etorriko da pase bereziren bat, edota pelikula klasikoren baten proiekzioa...

Aipatu nahi dut, zinemaldiak jasotzen dituela ere nazioarteko beste jaialdietako pelikula asko eta gero estreinatzen direnak hemen ere segidan, hemengo aretotan-eta, baina badira ere, nolabait esatearren, lurrazpikoagoak direnak. Adibidez, Euskal Dokumentalen Zikloan dokumental laburren egun bat izango dugu eta bertan emango ditugun lanak. Horiek ez daude zinemaldian, baina bai Zinegin. Hori da hemengo jaialdi bat, baina txikiagoa. Uste dugu lurpekoari ere begiratu behar zaiola, zeren bestela ematen du zinemaldia dela dena.

Zein da taldearen helburua?

M.Y.: Nik uste dut herrian zinema sustatzea, horrekiko interesa piztea edo zabaltzea esango nuke. 

2022. urtean aldizkari honi eman zenioten elkarrizketa batean aipatu zenuten emankizunetara gazteak erakartzea zela taldearen erronketako bat. Nolako bilakaera izan du horrek urte hauetan guztietan? Egungo taldearen desafio izaten jarraitzen du. Horrez gain baduzue besteren bat? 

P.G.: Sare sozialetan ez gara mugitzen orain eta gazteak hor dabiltza, ezta? Beno, hor jarraitzen du erronkak, bai, baina zaila egiten zaigu. 

M.Y.: Nik uste dut erronka taldekide berriak gureganatzea dela. Hortaz dezente ari gara azken aldian, sarea zabaltzeko eta proposamen berriak jasotzeko saiakeran. Azken finean, gu egon gaitezke jada dinamika batzuetan-edo, eta horrekin apur dezake jende berriak, ekar baitezake beretik nahi duena; zinemaren bueltakoa, noski, baina nahi duena. 

Egiari zor, sareetan-eta egiten dugun promozio eskasarekin, nahiko erantzun ona izaten dugu, aurten batez ere. Gazteak ere bai, baina orokorrean publiko zabala izan da aurtengo proiekziotan. Adibide batzuk ere aipa ditzakegu. Euskal zinema oso fuerte dago eta proiektatu ditugun Maspalomas filma ikustera jende asko etorri zen, Karmele-rekin ere gauza bera gertatu zen. La voz de Hind fikziozko filma ere proiektatu genuen [haur palestinar baten heriotzaren kontakizuna egiten du]. Oso aipatua izan da Venezian saritu zutelako eta Donostian ere Palestinaren aldeko manifestazioaren bueltan eman zelako zinemaldian. Emanaldi horretara ere ikusle mordoa etorri zen. Horrelakoetan eragin dezake ikusleak gaiarekin sentsibilizatuak egoteak. Antonio Floresena [Flores para Antonio] ikustera ere ikusle asko etorri zen. Askotariko gaien bueltan, baina jendea etortzen ari da emankizunetara. 

 

"Netflix eta gisako plataformak etxe ia guztietan daude. Orduan, jende asko jada ez da joaten zinema aretoetara badakielako gero pelikula hori etxean ikusteko aukera izango duela"

 

Zergatik uste duzue gertatzen dela hutsune hori?

M.Y.: Nik uste dut ez bakarrik gazteak, orokorrean jendeak kontsumitzen duela streamingean; Netflix eta gisako plataformak etxe ia guztietan daude. Orduan, jende asko jada ez da joaten zinema aretoetara badakielako gero pelikula hori etxean ikusteko aukera izango duela. Jo, bai, ulertu dezaket hori, baina ez da gauza bera inolaz ere. 

P.G.: Arreta, kontzentrazioa jartzen duzu erabatekoa, etxean edozerekin distraitu zaitezke... Eta gero, emanaldietan ikusitakoa elkarrekin partekatzea ederra da. 

M.Y.: Zaudenean jende gehiagorekin areto batean nik uste zure gorputza dagoela aktiboago-edo.

Horiek izan daitezke, beraz, film bat etxean edo Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan ikustearen arteko aldeak. 

M.Y.: Gure saioak dira partekatzeko espazio bat; aukera ematen dute filma ikusi eta gero horri buruz pentsatzeko. Bada, azken finean pantailan agertzen zaigunak planteatzen dizkigun debate moralez, sozialez, baita sentimentalez hitz egiteko. Hori, gainera, era kolektiboan. Etxean baldin bazaude ikus dezakezu pelikula bat, baina taldean eztabaidak egiten ditugu, aukeraketa egiteko eta emanaldiak ikustera etortzen den jendearen artean ere sortzen dira dialogoak. Aretotik irten eta ikusi berri dutenaz hitz egiten dute: 'Jo, ze gogorra hau edo bestea, edo ze ez dakit zer'. Edo eman ditugun hainbat filmen zuzendariak ekartzen ditugunean, horien azalpenak entzutea aberasgarria da publikoarentzat. Nik uste dut elkarbanatzeko edo aberasteko espazio bat dela. Pantaila handiaren dimentsioa ere ikaragarria da.  

Hileroko proiekzio horiez gain, badira urte batzuk Euskal Dokumentalen Zikloa ere aurrera eramaten duzuela. 

M.Y.: Aurten seigarrena izango da. Pandemian hasi ginen horrekin, 2021ean izan zen, negu partean. Izan zen esperimentu bat eta oso ondo atera zen lehenengo edizio hura. Ez zegoen bestelako aukerarik, herrian kontsumitzea besterik, eta orduan, jende asko etorri zen pase guztietara. Gerora denetarik izan dugu; emanaldi oso jendetsuak, eta baita ikusle oso gutxi etorri direnak ere. Horietan guztietan ere sortzen dira giro oso politak, zeren zuzendariak ere etortzen dira eta haiekin konpartitzeko aukera ederra izaten da.

Bide batez, aurrera dezakegu aurtengoa datorren hilean, otsailean, izango dela. Dagoeneko eskaintza prest dugu; laster ezagutaraziko dugu.  

P.G.: Bai, hil horretako ekimen gisa finkatu nahi dugu, gainera, erreferentzialtasun hori izan dezan. 

Aipatu duzue 40. urteurrena dela-eta urte osoko egitaraua aurrera eramango duzuela aurten. Momentuz, hil honetarako proiekzioak iragarri dituzue: 'En busca del fuego', 'Gaua' eta 'Animo'. Azken bi horiek, gainera, euskal ekoizpenak dira. Ematen diozue garrantzia horri ere, gisa horretako lanak proiektatzeari. 

P.G.: Bai, noski. 

M.Y.: Euskal nobedadeak presente egoteko ahalegina egin dugu urtetan, eta orain, berriz, horiek gainezka egiten digute. Hainbeste berritasun daude... urtez urte gero eta gehiago. Aurten bete dugu gure programazioa kasik nazioarteko lan eman gabe.

P.G.: Hala da, bai. Eta azken urteotan ikusi dugu, gainera, lasarteoriatarrek euskal proiekzioekin oso erantzun ona izan duela; onena esango nuke. Jende gehien horiekin elkartu da. Azpimarratu nahi dut Okendo Zinema Taldea existituko ez balitz, aukera hori galduko litzatekeela. 

M.Y.: Ospakizunaren harira, iruditu zitzaigun polita izan zitekeela originalekin elkartu [Okendo Zinema Taldeko sortzaileekin] eta zerbait egitea. Esan bezala urte osoan zehar egingo ditugu ekimen bereziak, programazio berezia aurrera eramango dugu, baina lehenengo proiekzioa datorren ostiralekoa, hilak 16, izango da: okendotar originalek duela 40 urte proiektatu zuten pelikula bera. Gonbidatuko ditugu osteko tertuliara ere beraiek konta dezaten nola moldatzen ziren 1986an zineklubak funtziona zezan. 

Urteurren egitarauari dagokionez, bestelako deialdirik iragar dezakezue?

M.Y.: Ekimen batzuk itxita ditugu, baina beste batzuk ixtear. Aurrera dezakegu proiekzioez gain, festa berezi bat ere aurrera eramango dugula, Okendo plazan. Joango gara horien berri ematen. 

P.G.: Primerakoa izango da, mozorroekin, musikaz lagunduta...

M.Y.: Udazkenean, inguruko beste zineklubekin topaketaren bat-edo egiteko asmoa ere badugu. 

Erlazionatuak

Historiaurreko abentura sutsuena

Txintxarri Aldizkaria urt 16 Kultura