AZAROAK 25

Kaleak aldarriz, haserrez, amorruz eta garrasiz bete dituzte feministek

Txintxarri Aldizkaria

Herriz herriko mugimendu feministetako kideek manifestazio jendetsuak egin dituzte arratsaldean eta Lasarte-Oria ez da salbuespena izan. Dozenaka herritarrek bat egin dute deialdiarekin eta erdigunea zeharkatu dute 'Misoginia eta transfobiaren aurrean autodefentsa feminista' lelodun kartelaren atzean. Ekintza amaitu ostean eragile horretako kideek aurkeztutako proposamenari babesa eman diote, Emakumeen Etxearen araudiari eta funtzionamenduari ekarpenak egingo dizkionari.

Gaurko eguraldi petralarekin ez zen erraza kartela eutsi bitartean aterkiak ireki eta euritik babestea baina ongi moldatu dira lehen lerroko manifestariak. Okendo plazatik abiatu dira arratsaldeko zazpiak pasatxo, dozenaka herritar atzean zituztela. Giroa hotza izanagatik, bihotzak eta eztarriak bero zituzten eta berehala hasi dira aldarriak lau haizetara zabaltzen: "Gora, gora, gora borroka feminista; antiarrazista eta antikapitalista!" edota "Ez gaituzue geldituko"" oihukatu dute. 

Abiatu diren enparantza berera itzuli dira borobilean elkartu eta komunikatua partekatzeko. "Arrazoiak ez zaizkigu falta kaleak aldarriz, haserrez, amorruz eta garrasiz betetzeko", adierazi dute feministek. Segidan, azken urtean Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoan izan dituzte: Tatiana, Amaia, Arelys, Saida eta Kalie. Euren gertukoei "besarkada goxoak" eman dizkiete eta azpimarratu dute ez dutela horiei guztiei pasa zaiena inoiz ahaztuko.

Jarraian, munduko hamaika txokotan borrokatzen ari diren emakumeekin eta genero disidenteekin gogoratu dira, batez ere, Palestinakoekin. Hangoak pairatzen ari diren genozidioarekin amaitzeko eskatu diote Israelgo estatuari. 

Justizia feminista eraikitzen

Feminismoaren izenean ez dute onartuko ez diskurtso arrazistarik ez polizia gehiago inguruan izaterik, "segurtasunaren aitzakipean". Kontrara, justizia femiinistan sinesten dutela azpimarratu dute, baita hori eraikitzen jarraituko dutela ere. "Ez gara etxean geratzen ari eta kaleak hartzen jarraitzen dugu; gaur, Euskal Herri osokoak". Aldarrikatu dute ez direla "atzera egiteko jaio" eta "autodefentsa feminista" erabiltzen jarraituko dutela borrokatzeko. 

Manifestua irakurri ostean, gogorarazi dute martxan dutela Emakumeen Etxearen araudi eta funtzionamendu berriari egindako ekarpenen harira atxikimenduak biltzeko kanpaina. Manifestari askok hartu dituzte boligrafoak eta izenpetu dituzte eskuorriak.