Emakumeen Etxearen proiektua herritarrekin batera diseinatzeko deia zabaldu dute

Txintxarri Aldizkaria

Mobilizazioa deitu dute ostiral arratsalderako Lasarte-Oriako mugimendu feministako kideek eta herriko beste eragile batzuetako lagunek. Okendo plazan elkarturik, herriko Emakumeen Etxearen gaineko hainbat aldaketa gauzatzea aldarrikatu dute. 

Emakumeen Etxearen antolamendua eta funtzionamendua zehazteko kontsulta publikoa abiatu du Lasarte-Oriako Udalak. Proiektua herritarrekin batera diseinatzeko asmoz, lasarteoriatarren beharrei erantzungo dien espazio bat eratzeko nahia erakutsi dute Lasarte-Oriako mugimendu feministako kideek eta herriko beste eragile batzuetako lagunek. Hori dela-eta partekatu dute euren ekarpena ostiral arratsaldean egindako irakurketa publikoan 

Azaldu dutenez, orain arte "opakoa" eta "itxia" izan den "Emakumeen Zentro Zibikoa" Emakumeen Etxea bihurtzeko asmoa adierazi du Udalak. Bertako egitura gaur egungo egoerara "egokitu" ez dutela uste duten horretan, jarrera horren alde agertu dira herriko eragileak. Dena den, irmoki defendatu dute aldaketa ezin dela izenaren moldaketa "hutsean" geratu, eta horregatik aprobetxatu dute tarte hau euren posizoa  ezagutarazteko. 

Hasteko, defendatu dute "erreferentziazko espazio publikoa" izan behar duela Emakumeen Etxeak, eta ardatz izan beharko dituela "berdintasuna eta feminismoa" elkarbizitzatik eta elkartasunetik abiatuta, "espazio librea eta elkar zaintzekoa" izan dadin. 

Izaerari eta kudeaketari dagokionez, aldarrikatu dute "hizkuntza eskubideak" errespetatu beharko dituela, baita "begirada intersekzionala eta kulturartekoa" ere. Era berean, azpimarratu dute Emakume Etxearen funtzionamendua bi elementu hauen gainean sostengatu beharko dela; "antolaketa eredu irekian eta erabaki ahalmenduan", hain zuzen. 

Horrekin batera, gaineratu dute "emakumeen eta genero-disidenteen ahalduntzerako, gizarteko eraldaketak sustatzeko, aliantzak eta sareak sortzeko eta hausnarketarako, eztabaidarako eta formaziorako" martxan egon beharko duela Emakumeen Etxeak. Gehitzeko, egitura hori "herritarren eta eremu instituzionalaren arteko espazio" gisa irudikatu dute. Hortaz, euren arabera, Udaleko Berdintasun sailak bertan eduki beharko luke bulegoa, eta bertako espazioak eskaini beharko lituzkete mugimendu feministako eta bestelako eragileentzat.

Bukatzeko, Emakumeen Etxeak"zerbitzu iraunkor eta integrala" ematea nahi dute, hots, langile publikoak izateaz gain, herriko gainerako guneetan eragiteko. "Kogestioa" aztertzea ere eskatu dute "eremu herritarra" artikulatzeko modua izan daitekeelakoan eta etxeak erabaki ahalmena izatea bermatu dadin. 

Aldarriarekin batera, gehitu dute udalak abenduaren 1era arte eman duela tartea helegiteak erregistratzeko. Horrenbestez, herritarrak martxan duten kanpainarekin bat egitera deitu dituzte. Horretarako, hainbat modu daudela aitortu dute.

Alde batetik, sinadurak biltzen dihardute, eta aurreratu dutenaren arabera, hilaren 25ean, asteazkenean, Indarkeria Matxistaren aurkako egunean, mobilizazioa egingo dute, arratsaldeko 19:00tan. Egun horretan, betetzeko orriak jarriko dituzte eskuragarri.

Bestetik, Udaletxera euren eskarak babestera joatea animatu dituzte. Horretarako, herritar orok eskuorri hauek euren kabuz inprimatu eta sinatuta eraman beharko dituztela aitortu dute. 

 

 

Erlazionatuak