Urtaroaren osagai guztiak izan ditu Zabaletako udazken festak

Iñigo Gonzalez Sarobe

Kolorea, memoria, alaitasuna, hunkidura eta auzolana izan ditu gaur goizeko ospakizunak, baita urteko sasoi honetan ohikoak diren elementu klimatikoak ere: eguzkia, euria, haize freskoa edota hodeiak. Horiek guztiak bertaratu dira Zabaletara, udazkena ez ezik auzoaren izaera herrikoia balioan jartzera.

Azken urteetan asko hazi den auzoa da Zabaleta. Etorri dira bizilagun asko, herriko beste toki batzuetatik zein beste toki ugaritatik, eta, bizitzaren legeak agintzen duenez, hil egin dira beste asko: izan direlako gara, eta garelako izango dira. Horri horrela, azken urtean zendutakoak gogoratzeko ekitaldiarekin hasi da udazken festa. Porrotx eta Marimotots pailazoek gidatu dute Basotxo plazako berdegunean memoriaren zuhaitzeranzko kalejira; gaztetxo zein heldu, euren atzetik ilara luzea osatu dute guztiek.

Duela urtebete landatu zuten zuhaitza eta nabarmen hazi da tarte horretan. Hori bai, udazkena izanik, batere hostorik ez du, denak erori zaizkiolako. Udaberria aurreratu eta adarrak bat-batean loratu izan balira bezala, hildakoak oroitzeko koloretako xingolak lotu dituzte herritarrek, bakoitzak pertsona bat edo batzuk gogoan. Porrotxek mikrofonoa aho parean jarri dionean Amaia Beltranek irribarre zabalarekin ederki adierazi duen moduan, "nahi baino gertuko gehiago" ditu oroimenean, eta fisikoki bere alboan ez badaude ere, beste modu batzuetara bizi ditu bere barruan. Talde argazkia (beno, egiari zor, lau izan dira: normal, mihia aterata, puzkerrak botata eta eskuak altxatuta) atera aurretik, Bixente Beltranek txistua jo bitartean aurreskua dantzatu dute Amaia Usandizaga auzotarrak eta etorkizunean Zabaleta bizirik mantenduko duten zenbait gaztetxok. Eta, irudi jendetsuen ostean, bihotzetik kantatutako bertso eder pare bat bota ditu Antton Garinek.

Objektuen bigarren bizitza

Gauza ziurrik bada mundu honetan, hauxe da: gizaki guztiak, salbuespenik gabe, hil egingo gara. Eta zer gertatzen da objektuekin? Horiek ere zendu egiten ote dira? Hala bada, noiz? Erabiltzeari uzten diogunean? Zakarretara botatzen ditugunean? Modu batera edo bestera izanda, hori saihesten saiatu dira auzo elkartearen lokal parean bigarren eskuko azoka jarri dutenak. Etxean erabili gabe zituztenak ekarri dituzte, diruaren truke edo doan beste batzuek hartu eta liburuei, jostailuei, jantziei... bigarren bizitza emateko. Udazkeneko euriak eta haizeak ekimena bertan behera utzi beharraren mehatxua egin badute ere, berriz atera da eguzkia eta ederra izan da postu arteko giroa. Horretan, nola ez, Porrotxen elkarrizketek eta txantxek lagundu dute.

Bitartean, sukaldean jo eta su ari ziren Zabaleta Auzolaneko kideak, hamaiketako goxoa prestatzen. Eugenik egindako salda eta urari zaporea emateko erabilitako haragi zein oilo egosiak, txorizoa, patata tortillak, gazta, eta udazken festan inoiz faltatzen ez diren sardina erreak. Borondatearen truke bapo jan eta edan dute jakiz eta edariz betetako mahaien bueltara etorri direnek. 

Kazetariok frogatu behar dugunez kontatzen duguna egia dela eta ez dugula asmatu, auzotarrek prestatutako guztia dastatu dugu. Eta bai, mahaietara ekarri duten guztia ezin goxoagoa zegoen. Bejondeizuela, zabaletarrok!