Heriotza ospatu zuten Zabaletako bizilagunek

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 16a

Udazken festa antolatu zuten Zabaletako bizilagunek, larunbat honetan. Egun osoko ekimenaren antolakuntzan hainbat eragile aritu dira: Hil Argi Elkartea, Borobil Elkartea, Heriotza Bizitzatik, Zabaleta Auzolan eta Earra Bertso Eskola. 

Ehun bat eserleku ipini zituzten, Zabaleta auzoaren elkartean. Gela leporaino beterik zela; Heriotzaz, beldurretik maitasunera bertso saioa aurrera eraman zuten. Nerea Erkiagak aurkeztu zuen ekimena eta Amaia Agirre aritu zen gai jartzaile lanetan. Bertsotan, hiru emakumezko: Ane Labaka, Oihana Iguaran eta Maddi Ane Txoperena. Hasiera batean, Alaia Martinek gerturatu behar zuen, baina ezin izan zuelako bertaratu, Txoperena etorri zen bere ordez.

Bi ordu inguru iraun zuen saioan, heriotza izan zuten hizpide. Erkiagak "bizitza osoari" topa egiteko gonbita luzatuz hasi zuen emanaldia, hots, "heriotza barruan duen bizitzari". Izan ere, aulki bakoitzean, bonboi bana topatu zuen publikoak. Ardoaren ordez, txokolatea erabilita "bizitzaren soka ederra" gogoratu zuten; "gure aurretik bizi izan ziren, gurekin bizi eta hil zirenak eta gure ondoren jaio eta biziko direnak", hain zuzen.

Jarraian, heriotzarekiko gizarteak duen erlijioek heriotzaren aurrean hobeto kokatzeko "eraikitako beldurraz" hitz egin zuen Erkiagak. Egun, Elizaren eragina baretu arren, beldur horretaz ez omen gara guztiz aske. Haren esanetan, pinturen bidez sartzen ziguten infernuarekiko beldurra, eta egun, ikus-entzunezkoei esker, "inkonszienteki". Izu horien katalogoa egin, eta "heriotzaz hitz egin eta erakartzekoari buruz" mintzo eta heriotza erakartzekoa" aipatu zuen. Dena den, nolabaiteko muga horiek alboratuta, heriotza izan zuten hizpide, bertsotan, besteak beste, eutanasia, guraso izaterakoan norberaren gurasoen heriotzaren inguruan sortutako ezinegona, zaintza aringarriak eta hilerriak. Azken gai honen harira, Antzuolako umeekin egindako dinamika bat ekarri zuen gogora aurkezleak, haurrek kokaleku hauen ateetan "bihotz handiak" ipintzea proposatu baitzuten behin, finean, bertan maitatutako pertsonak biltzen baitira. Bakarka heldu zion gai honi Iguaranek. Agirrek ipinitako roletik aritu zen, hilerrira bihotz handia jartzera doan forjatzailetik. Hona hemen bota zituen bertso batzuk: Bihotz handi bat ate artean / Bihotz handi eder bat soilik / ta kandadua bihotzan pare / erdian zabal-zabalik. Goizari amaiera ederra emateko, hamaiketakoa egin zuten. 

Arratsaldean, festak jarraitu zuen. Hasteko, haurrek harriak apaindu zituzten. Horretarako, errotalagailuak erabili zituzten. Ondoren, Porrotxek eta Marimototsek Amaren intxaurrak ipuina kontatu zieten, auzoko elkartean. Istorioak protagonista ditu Marimotots eta bere ama. Bertan, ama gaixo duelarik, doluaren eta heriotzaren inguruan gogoetatzen du Marimototsek. Umeek zein gurasoek biziki disfrutatu zuten pailazo lasarteoriatarrekin.

Ipuina amaituta, kalejiran joan ziren denak aurten hildako bizilagunen omenez landatutako zuhaitzera. Marimototsek trikitixa jo zuen, Porrotxek, abestu. Bertan, borobilean ipini ziren denak, eta aurretiaz apaindutako harriak zuhaitzaren inguruan jarri zituzten, baina batzuk gorde zituzten Bixenta Jauregi, Joxe Goikoetxea eta Fede Otaegiren senideei oroigarritzat emateko. Hildakoen urkoek mikrofonoa hartu eta hainbat hitz esan zituzten euren gertukoak gogoratzeko. Une hunkigarria zein polita izan zen.

Omenaldiarekin amaitzeko, Zigor Iriondo eta Antton Garin bertsotan aritu ziren. Era berean, Amane Meik gitarraz eta kantuz eta Oihana Fuk dantzaz, agurra eskaini zuten. Denak batera Zabaleta izeneko kantua dantzatu eta abestu zuten. Abestia telefono mugikor batean jartzearekin nahikoa izan zuten giro ederra sortzeko. Sardinadarekin amaitu zuten Udazken Festa.