ESKUALDEA

Gozatu euskara ematen eta heldu erabileraren erronkari

Buruntzaldea

Iñaki Eizmendi Arsuaga, Ebete Hizkuntza Zerbitzuaken sortzailea.

IÑAKI EIZMENDI ARSUAGAREN GAKOAK

Hainbat urtez Ttakun Kultur Elkarteko teknikari izan ondoren, Ebete Hizkuntza Zerbitzuak sortu zuen 2007an. Ebetek baliabideak eta proiektuak garatzen ditu, haur eta nerabeen euskararen erabileran, gaitasunean eta motibazioan eragiteko; eta gaur egun erreferentea da eremu horretan. Iñaki Eizmendik berak eragile ezberdinekin egiten du lan: familientzako sentsibilizazio saioak, irakasleentzako ikastaroak, edota kiroleko eta eskola orduz kanpoko jarduerei begirako saioak eta proiektuak, besteak beste. Hainbat gidaren edukiak ere garatu izan ditu, eta zenbait ikerketatan hartu du parte. Oraingoan, hainbat gako ekarri dizkigu, familietako euskararen transmisioan laguntzeko.

Hiru multzotan banatuta, hainbat gako plazaratu ditu Ebete Hizkuntza Zerbitzuakeko Iñaki Eizmendi Arsuagak, familietan euskararen transmisioa eman dadin laguntzeko eta errazteko.

GOZATU EUSKARA EMATEN

Zuen seme-alabek euskara aberatsa izatea, familion ardura ere bada.

Zer da euskara aberatsa izatea? Edozein egoera eta harremanetan euskaraz (ere) eroso aritzeko gai izatera iristea: lagunartean, ikasketetan, helduekin harremanean, kirolean, aisialdian...

► Eskaini euskara etxetik: euskalduna bazara, jolastu hizkuntzarekin (hitz egin, abestu, ipuinak irakurri... zenbat eta gehiago, hobe!). Euskaraz ondo ez badakizu edo gutxi gutxi baldin badakizu, zaindu zuen hizkuntza eta eskaini euskara eguneroko esamoldeen, abestien eta jolasen bidez.

► Zaindu etxean euskarak duen lekua: euskara entzun eta bizitzeko aukera izan dezatela. Giroan egon dadila euskarazko edukien bidez: musika, ipuinak, aldizkariak... Eta zuek ere egin euskarari lekua etxean: irratia, prentsa, telebista...

► Eskaini ahal duzuen euskara guztia ingurune hurbilean. Bereziki, eskolaz kanpoko jardueretan: euskarazkoak hautatu, eta euskararen presentzia eta erabilera zaindu ditzatela eskatu. Erabiliz garatzen da gaitasuna.

HELDU ERABILERAREN ERRONKARI

Lagundu diezaiegun lagunartean eta beste hainbat harremanetan euskara erabiltzeko benetako aukerak izaten.

Zer da erabileraren erronka? Euskara erabiltzea ez da aukera soil bat, ibilbide baten ondorioa izaten da. Lagundu txikiak direnetik ibilbide indartsua izaten.

► Eredu indartsuak eskaini: euskaldunon kasuan, ikus dezatela euskarak balio dizuela eguneroko bizitzan. Benetako Ahobizi edo Belarriprest bazarete, eredu bikaina eskainiko diezue seme-alabei.

► Bizipenak eta erreferenteak eskaini: euskaraz diren bizipenak eta erreferenteak behar dituzte euskara balio indartsuekin lotzeko. Eskolaz kanpoko jarduerak oso lagungarriak dira.

► Euskaraz bizi diren talde eta giroetan parte hartu edo harremanetan jarri: euskarazko ekitaldietara joan (zinema edo antzerkia, adibidez) eta euskararen aldeko ekitaldietan parte hartu (Korrika, Euskararen eguna edota Euskaraldia).

ESKOLAK BADU ARDURA, BAINA MUGAK ERE BAI

► Lagundu eskolari hizkuntzak irakasteko bidean: etxetik eta ingurune hurbiletik euskara asko eskaintzea familion ardura da, eta eskolak mugak ditu euskara aberatsa eskaintzera begira.

► Euskararen erabilerarekiko interesa erakutsi: galdetu irakasleekin egiten duzuen bileretan euskararen erabilerari buruz, eta kontuan izan beraien aholkuak.