Euskararen transmisioa familiaren bitartez eman dadin errazteko, hogei urte baino gehiago daramatzate lanean Buruntzaldeko sei udalek. 2003an hasi zuten bide hori eskualdeko udaletako euskara zerbitzuek, Andoainen, Astigarragan, Lasarte-Orian, Hernanin, Urnietan eta Usurbilen; eta bide horrek ez du etenik izan. Alderantziz, urte hauetan guztietan egin dute lan, gurasoak jabetu daitezen euskararen transmisioan zer garrantzi duten.
Nabarmendu dute "funtsezkoa" dela familietan euskararen transmisioa egitea, "gure hizkuntzaren biziraupenerako". Izan ere, diote haurrak txikitatik euskaraz hezteak bermatzen dituela hizkuntzaren ezagutza eta erabilera, eta horrek, aldi berean, sustatzen duela euskararen normalizazioa.
Ekimen ugari
Bide horretan, gurasoak dira "haurraren lehen erreferenteak", eta eragin handia dute hizkuntzaren transmisioan. Hori balioan jartzeko eta "etxeetan geure egiteko", hainbat ekimen jarri dituzte martxan eskualdean, modu bateratuan. Besteak beste, eskaini dituzte hitzaldiak, sortu eta gauzatu dituzte egitasmo berezituak ikastetxe nahiz eragileekin batera, eskura jarri dituzte informazio eskuorriak eta gidak, eta harrera saioak egin dituzte haur jaioberrien familiekin.
Baina sentsibilizazioaz gainera, euskara indartzeko ere egin dituzte hainbat ekimen euskara zerbitzuek, eta ari dira horretan oraindik ere, sei herrietan: gurasoentzako euskara eskolak, familientzako lantegiak, GurasoLagun proiektua, begiraleentzako formazioa...
Guraso berrientzako opariak
Euskara indartzeko ekimen horietako bat da sei udalerrietan, haur jaioberrien familiei opariak egitea. Zehazki, opari sorta bat daukate prestatuta, guraso berriei ematen dietena: haur kantak, jolasak eta esapide erabilienak dauzkan liburuxka bat, Ongi etorri jaioberri! karpetatxoa, hozkailuan jartzeko imana (eguneroko hitz eta espresioekin), eta Hazi Hezi aldizkariaren alea.
Gainera, euskara.buruntzaldea.eus webgunean ere badago material gehiago: jolasak, esapideak, kantak...
Opari horiek helburu dute euskararen transmisioa sustatzea, eta baliabide praktikoak dira "gurasoen eta haurren euskararen erabileran eragiteko".
Baliabide eta material horien guztien berri jaso dugu azpiko koadroetan.