IRITZI ARTIKULUA

Inbasioa edo ondorioa?

Iraide Olalla Chinchilla - Oriarteko 1. Batxilergoko ikaslea

Gaur egun, immigrazioaren gaia oso ohikoa da, batez ere, Ceutan gertatzen ari denarekin. Baina horri buruz hitz egin al dezakegu testuinguru historikoari erreparatu gabe? Hasteko, dakigun bezala, urriaren 12an “Hispanitatearen eguna” edo Frankok ezarri zuen bezala, “Arrazaren eguna" ospatzen dute. Egun horretan ospatzen dena ez da aurkikuntza bat, konkista bat baizik. XV. mendean europarrak Amerikara iritsi ziren, bertakoak esklabizatu eta baliabide guztiak ustiatu zituzten.

Dena den, ez gara hain atzera joan behar horrelako gertakari bat aipatzeko. 1956an deskolonizazio prozesuan, Marokoko protektoratua Espainiatik independizatu zen eta Saharan zituen koloniak eskatu zizkion Espainiari. 1976an, Espainiak Saharako koloniak utzi zituen, baina gobernatuko zuena nor izango zen zehaztu gabe utzi zuen, eta orain arte Sahara, Afrikako lurralde gatazka handienetako bat izaten jarraitzen du. Maroko ere, hainbat urtez Espainiaren menpe bizi eta gero, egoera kaxkar batean geratu zen. Horrelako eta beste gertakari askoren ondorioz, hainbat herrialdeetako jendea hona etortzera behartuta ikusi da.

Gainera, ez da soilik teorian ikusten den gauza bat. Nabaritu ahal diren ondorioak daude. Adibidez, Espainian dauden atzerritar gehienak Hego Amerikatik etorritakoak dira. Zergatik? Gure hizkuntzetako bat hitz egiten dutelako, lehen aipatu dudan bezala, duela 500 urte Espainiak haien kulturak eta hizkuntzak zapaldu eta espainiarrak inposatu zituztelako.

Beraz, ez, immigrazioa ez da bat-batean etorritako zerbait, ez da jendearen kapritxo bat, ez da gure herrialdeaz aprobetxatzeko ezer… Ez da inbasio bat. Ondorio bat da. Gure arbasoen ekintzen eta erabakien ondorio bat.