IRITZI ARTIKULUA

Harrapatutako herrialdea

Iria Touriño - Oriarteko 1. Batxilergoko ikaslea

Gaur egungo gatazkak ulertzeko, iraganeko gatazkak ere begiratu behar dira. Horren adibide bat Afganistaneko gerra da, oso odoltsua izan zen, Afganistaneko gatazka hamarkada asko luzatu zen eta ondorio oso larriak ekarri zituen, batez ere, emakumeentzat. Nire ustez, herrialde boteretsuen interesek ondorio larriak sor ditzake beste herrialdeetan eta gainera, gehien sufritzen duten pertsonak biztanle arruntak dira.

Gerra hau, Gerra Hotzarekin lotuta dago. Garai hartan mundua bi blokeetan banatuta zegoen; alde batetik, bloke kapitalista zegoen Amerikako Estatu Batuak (AEB) buru zena; eta beste aldetik, bloke komunista zegoen Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB) buru zena. 1979an SESBek Afganistan inbaditu zuen, bertako gobernu komunistari laguntzeko helburuarekin. Baina Afganistaneko iraultza komunista gelditzeko, AEBk esku hartu zuen, talde islamistak finantziatuz eta armatuz, SESBen aurka. Horrela, Afganistan bi superpotentzien arteko gatazkaren parte bihurtu zen.

Bestalde, gerra honek hamar urte iraun zituen, gutxi gorabehera. Eta 1989an SESB gatazkatik erretiratu zen, baina ez zen bakea bermatu, talde armatuen arteko gerrak jarraitu zuelako. Gerra zibilaren ondoren, 1996an, Talibanek, Afganistango talde armatu islamista batek, Kabul hiriburua inbaditu eta beraien kontrolpean jarri zuten. Haien helburua lege islamiko zorrotzak ezartzea zen. Haien agintean emakumeen eta nesken eskubideak murriztu zituzten eta haien askatasuna mugatu zuten.

Ondorioz, 2001eko irailean, AEBk eta bere aliatuek Afganistan berriz inbaditu zuten. Beraien helburua Al-Qaeda erakunde terroristaren aurka egitea eta Talibanak boteretik kentzea zen. Al-Qaeda talde terrorista islamista bat da, Osama bin Ladenek sortua, eta bere helburua eraso terroristen bidez bere ideiak zabaltzea zen. 2001eko irailaren 11n, talde horrek AEBn atentatuak egin zituen. Hasiera batean, Talibanen agintea erori egin zen eta gobernu berri bat ezartzen saiatu ziren. Era berean, Talibanek erresistentzia egin zuten AEBren kontra, eta gatazka hogei urtez luzatu zen. NATOko herrialdeek ere parte hartu zuten, baina azkenean, Talibanak ez zituzten garaitu; horregatik, 2021ean AEB erretiratu egin zen.

Ez dago dudarik, gatazka honek ondorio larriak eduki dituela. Gatazka honek milioika biztanle hil ditu eta etxe asko suntsitu ditu. Gainera, askok beraien etxetik alde egitera behartuta ikusi ziren. Baita ere, herrialdearen garapen ekonomikoa zaildu zuen eta pobrezia handia ekarri zuen. Ez hori bakarrik, 2021ean emakumeei hezkuntza debekatu zitzaien, ezin dute ez ikasi, ez unibertsitatera joan.

Amaitzeko, ikusi dugu gatazka honek ekarri dituen ondorioak oso larriak izan direla, jende asko hil zela, etxerik gabe gelditu zirela eta emakumeak askatasunik gabe gelditu zirela. Nire iritziz, ez zen beharrezkoa gatazka hau sortzea, elkarrizketa baten bidez gauzak konpondu daitezkelako. Gainera, gatazkek erakutsi digute gerrak amaitzea ez duela beti bakea ekartzen. Eta hau ikusita, biztanleen ongizateari begiratu behar zaiola eta horri lehentasuna jarri behar zaiola uste dut. Bestela, jende asko hiltzen baita errurik gabe. Bukatzeko, emakumeek asko sufritzen jarraitzen dute. Ezin dute ikasi, beti tapatuta joan behar dute, ezin dute hitzik egin eta gauzak egiteko gizonekoen baimena eduki behar dute. Horregatik, hau oso larria da, baina gizartean ez zaio ikusgarritasun asko ematen, eta garrantzitsua da.