Munduan, herrialdean, udalerrian edota auzoan bertan pil-pilean dauden gaiak ez dira falta baina beti ez da erraza horien bueltako ganorazko hitzaldi-tertuliak antolatzea, horietara bertaratzen direnei testuingurua ulertzen eta hausnarraraziko dien gonbidatu adituak eta arituak ekarrita, gainera. Borobilean Elkarteak lau ikasturte daramatza hori egiten eta Ixiar Arteaga taldekideak adierazi zuenez, orain arteko guztietan lortu dute, baita hilaren 18an aurrera eramandakoan ere. "Egunen bateak kontatuko dizuegu sekretua zein den".
Baztertutakoen errealitateaz
"Gaur egun bazterkeria egoeran dauden pertsonen errealitatea zein da?". Agirretxek hori galdetu zien Arrietari eta Barreirori. Etimologiari heldu zion aurrenekoak, bazterkeria hitzaren jatorriari: "Bazter-ek esan nahi du albo batean egotea, eta -keria atzizkiak kutsu negatiboa du euskaraz, begi onez ikusten ez ditugunei erreferentzia egiten dielako. Horrek erakusten digu gizarteak nola ulertzen duen kontzeptua, hizkuntzak eraikitzen ditu pertzepzioak". Esandakoari gogoeta hau gehitu zion: "Nola ikusiko ditugu pertsona horien egoerak, hasieratik bazterrean badaude? Horiek ikusarazteko errebindikazio ekintza gutxi daude".
Barreirok zenbait adibide praktiko jarri zituen eta azpimarratu zuen uste duguna baino gertuago dagoela bazterkeria, "edonork" paira dezakeela. Horrekin batera, adierazi zuen horrela bizi diren pertsonengan "eragin izugarria" izaten dutela prozesuek eta erasan egiten dutela eurekiko duten konfiantza. "Aurrenekoz kalean lo egin eta hurrengo egunean nire bulegora etorri zen pertsona batek esan zidan lan elkarrizketa bat zuela egun horretan bertan baina ez zela joan, beste edonor baino gutxiago sentitzen zelako".
Berriki egindako Gradu Amaierako Lanari buruz hitz egin zuen Lazaarrek. Emakume migratuengan jarri du fokua eta gizarte langintza aztertu du intersekzionalitatetik. Gizarte identitatearen ardatz desberdinak nola gurutzatzen diren aztertzen du teoria eta tresna analitiko horrek eta, beraren hitzetan, "funtsezkoa" da, faktore askogatik baztertuak izaten diren andre horien kasuak ez sinpletzeko eta behar duten laguntza emateko. Horrekin batera, aldarrikatu zuen "subjektu aktibo" gisa ikusi behar dituela gizarteak: "Euren erabaki propioak hartzeko gaitasuna duten pertsonak dira".
Testuinguru orokorraz mintzatu ostean gaia Euskal Herrira ekarri zuten, egoeraren diagnostikoa egin eta horri buelta emateko gakoak partekatzeko. Ondoren, ordura arte batez ere entzule gisa aritu ziren herritarrek hitza hartu zuten eta argazkia osatu zuten. Amaiera baikorra eman zioten hitzaldi-tertuliari eta azkenaldiko jarduerak eta proiektuak balioan jarri zituzten, hala nola gure udalerrian sortu berri duten Bizi-Lagunak eragilearena.