Lasarte-Oriara bizitzera datozenei harrera egin eta horrek dakarren prozesuan sare iraunkor eta jasangarria sortzeko beharra ase nahian sortu dute hainbat herritarrek BIZI-Lagunak elkartea. Hala jakinarazi dute eragile hori osatzen duten kideek, duela egun gutxi egindako aurkezpen agerraldian. Taldearen xedea zein den ere jakinarazi dute: Gure helburua ez da soilik pertsona migratzaileei harrera egitea, baizik eta herrian dagoen aniztasunari erantzutea, pertsonen, elkarteen, eragileen eta erakundeen arteko harremanak indartzea eta pixkanaka elkar ezagutzeko eta elkarrekin lan egiteko sare bat sortzea".
Elkartea martxan jartzeko lehen ernamuina maiatzean landatu zuten. Orduan, dinamika baten bidez elkartu ziren kideak, eta harreraren, aniztasunaren eta herriko bizikidetzaren gaineko hainbat behar, kezka eta proposamen mahaigaineratu zituzten. Horiek izan dira elkartea martxan jartzeko aitzakia nagusia: "Hortik hasi ginen ideiak garatzen eta forma ematen, eta, azkenik, BIZI-Lagunak sortu eta erregistratu genuen. Beraz, elkartea ez da ideia itxi batetik sortzen, baizik eta prozesu kolektibo batetik, herrian dauden beharrei eta aukerei erantzuteko asmorekin".
Izenaren erabakia
BIZI-Lagunak izena jarri diote elkarteari, eta horren zergatia eta esanahia zeintzuk diren ere kontatu dute: "Alde batetik, bizi eta lagunak kontzeptuetatik abiatzen da, eta pertsona migratzaileentzat ere ulertzeko eta hurbiltzeko erraza den izena izatea bilatzen du. Baina, batez ere, lagunak hitzak gertutasuna, harremana, elkar ezagutzea eta elkarri laguntzea adierazten du. Guretzat harrera ez da norabide bakarreko prozesu bat. Ez dugu nahi soilik pertsona migratzaileek laguntza jasotzea; nahi duguna da herriko pertsona, elkarte eta eragile desberdinen artean harreman bidirekzionalak sortzea, bakoitzak bere ekarpena egin dezan eta, aldi berean, besteengandik ikas dezan". Horregatik, BIZI-Lagunak sare bat sortzeko asmoarekin sortu dela azpimarratu dute behin eta berriz hori osatzen duten kideek, eta gaineratu, informazioa, orientazioa edo laguntza behar denean bertara jo ahal izateko aukera izango dutela interesdunek, baina horrez gain, pertsonak elkartzeko, elkar laguntzeko eta harremanak sortzeko espazioa ere izango dela.
Sarea sortzeko pausoak
Elkartearen helburu nagusiak dira bertako kideek eta bertaratuko direnek elkar ezagutzea, horiei harrera egitea eta informazioa lantzea: "Gure ustez, sare bat sortzeko lehenengo pausoa da jakitea nor garen, zer egiten dugun eta zer baliabide ditugun. Horregatik, Lasarte-Orian dauden elkarteak, eragileak eta dinamikak ezagutu nahi ditugu, bakoitzak zer eskaintzen duen eta zer harreman sor daitezkeen ikusteko. Aldi berean, BIZI-Lagunak osatzen dugun pertsonok ere elkar ezagutzea garrantzitsua da, horrela elkarren artean konfiantza eta lankidetza sortzeko. Zentzu horretan, elkarteak informazioaren eta eskaeren arteko zubi moduan ere jardun nahi du. Herrian edo pertsona migratzaileen artean behar, eskaera edo kezka bat identifikatzen bada, informazio hori dagokion eragileari edo udalari helarazteko aukera izatea nahi dugu".
Helburu horien barruan, azpimarratu dute dekagonoaren sorrera. Egun prozesuan dagoela esan dute, eta lan hori, batez ere, Lasarte-Oriako Oriarte Institutuko BHko ikasleekin landu eta garatzen ari direla, nahiz eta aldi berean, udalaren esku ere badagoen. Dekalogo horren bidez, harreraren eta bizikidetzaren inguruan ditugun ideia eta konpromiso batzuk jasotzea eta herri mailan partekatu asmo du eragileak.
Pedagogia interkulturala ere badu ardatz proiektuak: "Gure ustez, gaur egun aniztasun kulturala aitortzea garrantzitsua bada ere, ez da nahikoa. Herri batean kultura eta jatorri desberdinak egoteak ez du esan nahi kultura horien artean benetako harremana dagoenik. Horregatik, guretzat interkulturalitatea da gakoa, ez soilik kultura desberdinak aitortzea, baizik eta haien artean elkarreragina, ezagutza eta harremana sortzea. Azken finean, elkar ezagutzen ez badugu, oso zaila da komunitate kohesionatu eta jasangarri bat eraikitzea". Hori horrela, BIZI-Lagunak elkarteak sustatu nahi ditu pertsona eta komunitate desberdinen arteko topaketak eta eskaini, elkarrekin harremanak sortzeko espazioak.
Intersekzionalitatearen ikuspegia ere "oso garrantzitsua" eragileko partaiodeentzat: "Ez ditugu pertsona migratzaile guztiak errealitate beraren barruan kokatu nahi, ezta orokortzerik egin ere. Pertsona bakoitzaren egoera desberdina da, eta hainbat faktorek eragin dezakete bere errealitatean, hala nola, jatorriak, adinak, generoak, egoera ekonomikoak, hizkuntzak, familia egoerak, etxebizitzak edo bestelako egoerek, besteak beste. Faktore horiek elkarren artean gurutza daitezke, eta horregatik pertsona bakoitzaren egoera bere osotasunean ulertzea ezinbestekoa iruditzen zaigu".
Espazio seguruak eta aurreikusitako deialdiak
Pertsona migratzaileentzako espazio seguruak sortu nahi dituztela ere azaldu dute. Horietan pertsona bakoitzak bere esperientziak, kezkak, beharrak eta proposamenak partekatzeko aukera izan dezala nahi dute kideek, eta horretarako, hausnarketa indibiduala eta taldeko hausnarketa erabiliko dituzte metodologiaren oinarri gisa: "Ez dugu soilik arazoei buruz hitz egin nahi; bizi dugunari buruz hausnartu nahi dugu, zer gertatzen den ulertu, zer behar dugun identifikatu eta zer egin dezakegun elkarrekin pentsatu. Horrela, parte hartzea eta hausnarketa sustatu nahi ditugu, eta pertsonak beren prozesuen protagonistak izatea".
Epe laburrean, hainbat ekintza aurrera eramango dituela aurreikusten du BIZI-Lagunakek. Horietako bat iazngo da Su-Artean, eta hori zertan den ere azaldu dute: "Herrian dauden komunitate eta errealitate desberdinak ezagutzeko eta haien arteko harremanak sustatzea da xedea, kontaktu berriak sortzea, elkar ezagutzea eta dagoeneko existitzen diren sareak identifikatzea. Izan ere, askotan herri berean pertsona, elkarte eta baliabide asko daude, baina ez dute elkar ezagutzen. Horregatik, lehenengo kontaktu horiek sortzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu".
Agerraldia amaitzeko, diagnostiko sozial baten beharraz ere solastatu dira: "Herriko errealitatea hobeto ezagutu behar dugu: zer komunitate dauden, zer jatorri eta nazionalitate dauden, zer elkarte eta eragile dauden, zer sare existitzen diren, zer behar identifikatzen diren eta, aldi berean, zer indargune eta esperientzia positibo ditugun. Diagnostiko horren helburua ez litzateke soilik arazoak identifikatzea; Lasarte-Orian dagoen potentziala, baliabideak eta dagoeneko sortuta dauden harreman eta esperientzia positiboak ere ezagutuko genituzke. Hori eskura edukita, hurrengo pausoak modu eraginkorragoan zehaztu ahal izango genituzke".