Valle eta Zubizarreta izan dira bigarren jardunaldiko bizkorrenak

Txintxarri Aldizkaria

Bigarren jardunaldiko irudi bat. MARTIN EARLY

Gipuzkoa Pista Sariko bigarren jardunaldia jokatu dute Donostiako Antonio Elorza Belodromoan. Horretan konpetitu dute hiru lasarteoriatarrek: Luken Garmendia zein Xabat Martin juniorrek eta Dario Gomez kadeteak. Bi kategoria horietako azkarrenak Samuel Valle (MMR Bikes) eta Jakes Zubizarreta (Lagun Onak) izan dira.

Juniorren mailako scratch proba hasi eta berehala erori egin ziren zenbait txirrindulari eta geldialdia egin behar izan zuten, osasun langileek jausitakoak arta zitzaten. Hori horrela, eguneko proben ordena aldatu behar izan zuten eta bi proba besterik ez zituzten jokatu, danesa eta puntuazioarena. Valle asturiarra gailendu zen bigarren jardunaldian eta 37 puntu bildu zituen, Ospital-ek baino zazpi gehiago eta Izagirrek baino 11 gehiago. Orain arte jokatutako bi jardunaldietako puntuak batuta, 81 ditu MMR Bikes taldeko kirolariak.

Kategoria horretan konpetitzen ari dira Martin eta Garmendia, biak ala biak Danena KEren maillotarekin. Aurrenekoak zenbait puntu poltsikoratu zituen egunean zehar, 23, eta aurreneko eguneko 34ekin gehituta 57 ditu gaur-gaurkoz. Sailkapen orokorreko bosgarren postuan dago. Garmendiak, berriz, ezin izan zuen estreinako jardunaldiko lana errepikatu eta ez zuen alerik jaso joan den larunbatean. 22 punturekin, hemezortzigarrena da.

Gomezek, hamalau puntu

Juniorrek izandako erorikoak eragin zuen kadeteek egin beharreko lanetan ere, aurreikusi baino denbora gutxiago zutelako proba guztiak jokatzeko. Hori horrela izanik, amaierako puntuazio proba ordezkatu eta scratch-a egin zuten. Jardunaldiaren amaieran Zubizarreta gailendu zen, 36 alerekin; 33 bildu zituen Verak eta 30 Erdoizak. 

Dario Gomez lasarteoriatarrak hamalau puntu erdietsi zituen, aurreneko jardunaldian lortutakoen erdiak. Batzuk eta besteak batuta, 42 ale ditu Andoaingo Txirrindularitza Eskolako lasterkariak. Hamaseigarrena da sailkapenean.

Asteburu honetan Bizkaiko eta Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute belodromoan. Gipuzkoa Pista Sariko hirugarren jardunaldia, berriz, hilaren 28an izango da.