Kadeteetan herritar bat ari da aurtengo denboraldian, Andoaingo Txirrindularitza Taldean: Dario Gomez. Bigarren urtea du kategoria horretan eta aurreneko jardunaldian 28 puntu pilatu zituen, sailkapen orokorrean hamazazpigarren postua eskuratuta. Maila horretako puntuazio proba jokatzen ari zirenean erori egin ziren zenbait txirrindulari eta anbulantziako kideek artatu behar izan zituzten. Ezbehar horrengatik hamabost minutuz geratu behar izan zuten lehiaketa. Gainerakoan, gorabeherarik ez zuten izan egun osoan zehar.
Koska bat gorago konpetituko dute Luken Garmendia bigarren urteko jubenilak eta kategoriaz igo berri den Xabat Martinek. Biak ala biak Danena KE taldearen koloreekin ari dira lehiatzen eta Gipuzkoa Pista Sariko aurreneko jardunaldian lan ederra egin zuten. Kanporaketa probako tropel banatan jardun ziren: Garmendia, A multzoan, hirugarren postuan sailkatuta; Martinek, bestalde, aurreneko garaipena erdietsi zuen B taldean. Eliminazioarena ez ezik, beste erronka batzuk jokatu zituzten Martinek eta Garmendiak: 34 eta 22 puntu poltsikoratuta, jubenilen sailkapeneko bosgarren eta hamabigarren postuetan amaitu zuten aurreneko jardunaldia, hurrenez hurren.
Hilaren 7an jokatutako aurreneko jardunaldian 93 txirrindularik parte hartu zuten, emakumezkoen zein gizonezkoen Kadete eta Junior kategorietan. Bigarrena 21ean aurrera eramango dute, Donostiako Antonio Elorza Belodromoan baita ere, 14:00etatik aurrera. Martinek, Garmendiak eta Gomezek debutean egindako lan onarekin jarraitu eta ahal dela lortutako emaitzak hobetzea dute helburu.