INDAR egitasmo "ireki eta irisgarrian" parte hartzeko deia egin dute

Txintxarri Aldizkaria

Yoga Inklusiboa tailerra iragartzeko kartela. INDAR

Mari Mar Gomez gizarte integratzaile eta coach-ak sortutako proiektua da INDAR. "Dibertsitatea, inklusioa eta irisgarritasuna" dira egunerokoan jorratzen dituzten balio nabarmenenak, TXINTXARRI-ri azaldu dionez. "Ezaugarri anitzak" dituzten emakumeei zuzendutako egitasmoa da eta urtean zehar aurrera eramaten dituzten jardueratan parte hartzeko deia egin die horiei guztiei. Bihar, hilak 14, Yoga Inklusiboa tailerra eta antzerki amateur ekimena martxan jarriko dituzte. Doakoak dira biak ala biak.

Gaur-gaurkoz 50 emakume baino gehiagoko komunitatea ehundu dute eta WhatsApp talde bat dute partaide guztien intereseko informazioa partekatzeko. Horrez gain, Conecta con la parte de ti que necesitas tailerra egiten dute ostiraletan: 16:00etatik 18:00etara elkartzen dira San Pedro Parrokia alboko geletako batean. "Elkar entzun eta batera hazteko espazio segurua da hori", azaldu du.

Yoga Inklusiboa tailerra

Hitzaldiak, topaketak, orientazio laborala... Ugariak dira INDARen ematen dituzten zerbitzuak. Gomezek zehaztu duenez egiten dituzte baita ere tailerrak. Ildo horretatik, bihar, hilak 14, Yoga Inklusiboa ikastaroari ekingo diote. 10:00etatik aurrera egingo dituzte saioak, larunbatero.

Aurrera eramaten dituzten ekimen guztiak doakoak direla gogorarazi du INDARen sortzaileak: "Emakumeak gugana etorri eta egiten ditugun jardueretan parte hartzea nahi dugu; dirua ez da horretarako oztopo izango". Horrekin batera, nabarmendu du egitasmo "irekia eta irisgarria" dela. "Bazkide izateak ahotsa ematen digu; gizartean presenteago gaude".

INDAR egitasmoari buruz gehiago jakiteko, hona hemen Instagram sare sozialeko kontua.

Erlazionatuak