Harrera beroa izan du bikoizketa tailerrak. Izan ere, hasiera batean, asmoa ordubeteko saio bakarra egitekoa zen. Alabaina, aurreikusitako baino lasarteoriatar gehiago animatu direnez, bi egin behar izan dituzte, azkenean. 10-16 urte bitarteko 26 lagunek parte hartu dute, eta tailerra Antonio Mercero gunean eraman dute aurrera Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolakoek, Igone Gonzalez bikoizketa aktore lasarteoriarrarekin batera.
Gonzalez itzultzaile profesionala da. Duela lau urte hasi zen arlo honetan, eta geroztik hamaika proiektutan aritu da, besteak beste, ahotsa jarri dio Heidiri 'Heidi, katamotzaren erreskatea' pelikulan. Egun, 'Dragoi Super Bola' telesailean dihardu lanean.
Ordubeteko ekitaldi honetan, 'Inside Out 2' pelikulako eszena bat bikoiztu dute. Horretarako, dinamizatzaileak erabaki ditu bakoitzaren rolak. Txandaka gerturatu dira parte hartzaileak, elkarrizketaren jarioaren arabera. Zenbait gomendio emanda, fin aritu dira gaztetxoak. Bien bitartean, ahotsak grabatu eta muntatu ditu Gonzalezek, saioaren amaieran, landutako eszena artista txikiei erakusteko.
Gogotik gozatu dute haurrek, eta ugarik errepikatzeko gogoa erakutsi dute.
Programa zabala
Abenduaren 19an, larunbatarekin, Bilaka Kolektiboak bi ekintza egingo ditu. Alde batetik,10:00etatik 12:00etara, dantza tailerra eskainiko dute, Manuel Lekuona kultur etxean. Bertan aritzeko, aurrez izena ematea ezinbestekoa da, baita euskal dantzen gaineko ezagutza izatea ere. Era berean, 18 urtetik gorako helduei zuzenduta dagoela ohartarazi dute antolatzaileek. Data gerturatu hala, inskribatzeko informazioa luzatuko du Kukukak. Bestetik, arratsaldean emanaldia egingo dute. 17:00etan izango da, Okendo plazan eta herri guztiarentzat irekia izango da.