Hilaren 15ean egin zuen agerraldia Kukukak, Manuel Lekuona Kultur Etxean, 25. urteurrenaren gainean hitz egin, urte horietan guztietan urratutako bidearen errepaso labur bat gauzatu eta urtemuga ospatzeko prestatu dituen jardueren berri emateko. Ekimen bat baino gehiago prestatu zituela adierazi zuen arren, hilaren 22an aurrera eraman zuen Gregoria baino ez zuen iragarri aipatu agerraldi horretan. Hori bai, adierazi zuen gainerakoen berri hurrengo egunetan emango zuela; bada, berriki jakinarazi ditu horiek guztiak.
Jarraian dituzue, ekainera bitarte hilabetez hilabete aurrera eramango dituzten hitzorduak:
- Azaroaren 7an, larunbatarekin, 11:00etatik 12:00etara, kultur etxean, bikoizketa tailerra Binahiren eskutik. Igone Gonzalezek dinamizatuko du saioa, eta 10 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta dago. Bertan aritzeko aurrez izena ematea derrigorrezkoa den arren, hori nola egin behar den aurrerago zehaztuko dute.
- Abenduaren 19an, larunbatarekin, Bilaka Kolektiboaren eskutik bi ekintza egingo dituzte. Alde batetik, goizean 10:00etatik 12:00etara dantza tailerra eskainiko dute kultur etxean. Bertan aritzeko aurrez izena ematea ezinbestekoa da, baita euskal dantzen jakintza izatea ere . Hala, 18 urtetik gorako helduei zuzenduta dagoela ohartarazi dute antolatzaileek. Kasu horretan ere, aurrerago emango dute inskripzioak egiteko informazioa. Tailerra arratsaldean egingo duten ikuskizunaren gainekoa izango da. Arratsaldeko emanaldia 17:00etan izango da, Okendo plazan eta herri guztiarentzat irekia izango da.
- Urtarrilaren 23an, Barreterapia tailerra aurrera eramango dute; 11:00etan izango da, kultur etxean. Manex Beristainek gidatuko du saioa, eta bertan parte hartzeko izena eman beharko dute interesdunek. Hori nola egin aurrerago zehaztuko dute antolatzaileek.
- Otsailaren 5ean, 19:00etan Anarru Dokumentala proiektatuko dute kultur etxean. Hizlari gisa bertaratuko da ikus-entzunezkoaren egile Anartz Ormaza. Gonbidapenak hartzea beharrezkoa dela jakinarazi du Kukukak. Gerta liteke data hori aldatu behar izatea, baina hala bada, aurrerago emango dugu horren berri.
- Martxoaren 13an 18:00etan kultur etxean Bizipozaren festa egingo dute Porrotx eta Mari Motots-ek gidatuta. Bertaratzeko gonbidapenak hartzea beharrezkoa da.
- Apirilaren 10ean bi jarduera aurrera eramango dituzte. Alde batetik, 12:00etan Andoni Magoaren emanaldiaz gozatu ahal izango dute herritarrek; Magia Zapatiletan ikuskizuna eskainiko du. Horrez gain, antzerki topaketak ere egingo dituzte. Bi hitzordu horiek Okendo izango dira.
- Apirilaren 29an, arratsaldeko 19:00etan Nazioarteko Dantza Eguna ospatuko dute Okendo plazan.
- Maiatzaren 8an, 10:00etatik 12:00etara Dantza Mugimendu Terapia eta Dantza familian saioak egingo dituzte Oihane Vicenteren eskutik. Kultur etxean izango da saioa eta izen ematea derrigorrezkoa da (aurrerago emango dute horri buruzko informazioa).
- Maiatzaren 29an, 20:00etan Kukukaren ikuskizun berezia egingo dute. Kultur etxean izango da eta sarrerak hartzea derrigorrezkoa dela ohartarazi dute antolatzaileek.
- Ekainaren 7ko astean, Kukuka astea aurrera eramango du antzerki eta dantza eskolak. Kukukako taldeek urtean zehar landutako emanaldiak erakutsiko dituzte aste horretan, urtero egiten duten moduan.