Ikusgai egin dituzte munduko zenbait lekutako emakumeei eragiten dieten askotariko indarkeria ikusezinak

Txintxarri Aldizkaria

Irantzu Pastorren eta Igone Mariezkurrenaren ‘Lumineszenteak’ erakusketak hartu du Antonio Mercero aretoko erakusketa espazioa. Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako jarduera izan da, hain zuzen ere, egun seinalatu horren harira udalak iragarri duen egitaraua ireki duena. Bisita gidatuak egingo dituzte sortzaileek bertaratzen diren ikusleentzako

“Ilunpetan argia igortzeko gai diren izakiak” dira lumineszenteak. Halaxe egiten dute Mercero aretoko erakusketa gelako paretetan Mariezkurrenak eta Pastorrek eskegi dituzten argazkietako emakumeek ere (baita sortzaileek ondutako izen bereko liburuan jasota dauden gainerako lekukoek ere): bizi (izan) duten iluntasunean argia transmititu. 2017 eta 2021 artean Palestinan, Indian, Lakota Nazioan eta Euskal Herrian elkarrizketatutako 63 emakumeren kontakizunek eta erretratuek osatzen dute Lumineszenteak liburua eta erakusketak lan hori oinarri hartuta, lagin bat erakusten du. 24 emakumeren irudiak eta testigantzen laburpenak topatuko dituzte ikusleek. Hiru asteez izango da horretarako aukera; egiari zor, merezi du bertaratzeak.

Esan bezala, emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak eta erresilientzia historiak erakusten ditu esposizioak, hala nola okupazio militarra, pobretzea, behartutako lekualdatzeak, askotariko genozidioak edo asimilazio kulturala. Hala, emakumeen eguneroko bizitza baldintzatzen duten bestelako bortxa ezkutuagoetan ere egiten du azpimarra. Horiek ezkutukoak edo ikusezinak zergatik diren honela azaldu du Mariezkurrenak: “Ez dira hedabideetan agertzen diren indarkeria esplizitu horiek, baizik eta horien paraleloan, kasu askotan itzalpean gertatzen diren bortxa sotil bezain suntsitzaileak. Aldi berean, horri aurre egiteko kemena ere bai”. Hori guztia argitara atera eta ikusgai egitea da bi sortzaileen helburua.

Pastorrek kontatu du proiektua 2017. urtean hasi zutela. Palestinara egin zuten lehen bidaia, eta handik ekarri eta erakutsitako irudi eta kontakizunek nerabezaroaren, amatasunaren eta gaixotasunaren gaiak erakusten ditu. Indiako errealitateak ere gertutik ezagutu dituzte, eta horien berri eman dute erakusketan. Gauzak horrela, Indiako emakume alargunen gaiaz, Adivasietaz, Tamasha dantzariei buruzko bizipenez eta Hijra kolektiboko kideen errealitatearen gaineko informazioa eskura dezakete bertaratzen diren ikusleek.

Lakota Nazioko emakumeen bizipenak ere ekarri dituzte Lasarte-Oriara. Asimilazioa kulturalaz, femizidioez, bertako adingabeen aurkako sexu gehiegikeriaz eta generoaren eta sexualitatearen kolonizazioaren gaineko testigantzak bildu dituzte horretan.

Pandemia ostean, Euskal Herriko bortizkeriak

Proiektuarekin lanean ari zirela, 2020. urtean, mundua astindu zuen pandemia tarteko, Euskal Herrira begira jarri ziren Mariezkurrena eta Pastor. Hori horrela, bertako indarkerien bila hasi, eta hor ere topatu zituzten hainbat errealitate ere ekarri dituzte erakusketara. Forma ikusezinak dituen etxegabetasunaren lekukotza ematen duten bi emakumeren errealitatea ezagut daiteke, baita zaintzaren eta arrazakeriaren arloan ezkutuko indarkeria jasaten dutena ere. Bortxa estetikoaren bi lekukotza ere erakutsi dituzte.

Bisita gidatuak

Hilaren 20ra arte ikusgai egongo den edukian sakontze asmoz, bi bisita gidatuak egingo dituzte sortzaileek. Aurrenekoa lehen saioan egin zuten atzo, hilak 3. Euskaraz aurrera eraman zuten hori. Bigarrena, aldiz, bihar izango da, ordu berean, gaztelaniaz.