Herritarrak azaro hasieratik sentsibilizatzeko asmoa du udalak

Txintxarri Aldizkaria

Udal ordezkariak, azaroaren 25erako prestatutako egitaraua aurkezten. LASARTE-ORIAKO UDALA

Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira (azaroaren 25a, asteazkena) antolatutako egitaraua aurkeztu dute udal ordezkariek gaur goizean, Emakumeen Etxean. Herritarrak sentsibilizatzeko, indarkeria matxistaren adierazpide ugariak ikusarazteko eta hausnarketarako zein parte hartzerako guneak sortu nahi dituzte hilabete hasieratik.

Emakumeen aurkako indarkeriari buruz sentsibilizatzeko eta hausnartzeko guneak sortzen jarraitzea "garrantzitsua" dela nabarmendu du udaleko Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedok. "Azaroaren 25a egun inportantea da errealitate hori ikusarazteko, baina urte osoan lan egin behar dugu berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka". Prestatu dituzten ekimenen bidez "adin tarte guztietako herritarrengana" iritsi nahi dutela gehitu du. "Guztion artean aurrera egin behar dugu indarkeriarik gabeko gizarte berdinzaleago baterantz". 

Helburu hori erdieste aldera antolatu dute antzerkia, zinema, erakusketak, literatura, hitzaldiak eta hezkuntza jarduerak uztartzen dituen egitaraua. "Indarkeria matxistari ikuspegi ugaritatik heltzeko, emakumeen bizipenak ikusarazteko eta indarkeria egoerak identifikatzen eta prebenitzen laguntzeko tresnak ematea da gure xedea", adierazi du Acevedok.

Azaroaren 25aren bueltan antolatutako egitaraua hilabete horretan bertan hasiko da, 3an, asteartearekin. Luminiszenteak: emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak eta erresilientzia historia zenbait erakusketa irekiko dute egun horretan Antonio Mercero aretoan. Andreen aurkako biolentzia ez hain agerikoak jorratu dituzte Irantzu Pastor Ordokik eta Igone Mariezkurrena Fernandezek. Bisita gidatuak egingo dituzte eta baita Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako saioak ere.

Egitarau osoa

Azaroak 3-20, bi egunak barne

  • Antonio Mercero aretoan, Luminiszenteak: emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak eta erresilientzia historia zenbait erakusketa. Bisita gidatuak 3an (euskaraz, 18:00etan) eta 5ean (gaztelaniaz, 18:00etan) egingo dituzte.

Azaroak 4, asteazkena

  • Kultur etxean, 19:00etatik aurrera, La última vez. Me prometo que ha sido la última vez antzezlana egingo dute Abrego Producciones konpainiako kideek.

Azaroak 10, asteartea

  • Antonio Mercero aretoan, 18:00etatik aurrera, Resistencia y organización de las trabajadoras del hogar y los cuidados hitzaldia emango dute Malen Etxeako langile Silvia Carrizo Fernandezek eta Maitelaneko behargin Maria Elisa Peredo Quiroz-ek. 

Azaroak 11, asteazkena

  • Biyak Bat egoitzan, 17:00etan, Una joven prometedora filma emango dute.

Azaroak 12, osteguna

  • Antonio Mercero aretoan, 18:00etan, Volar dokumentala proiektatuko dute. Ondoren, bertaratzen direnek solasaldia egingo dute Nerea del Campo Agirre eta Bertha Gaztelumendirekin.

Azaroak 18, asteazkena

  • Antonio Mercero aretoan, 18:30ean, Irakurle Txokoko kideak Itxaso Martin Zapiain idazlearekin elkartuko dira Punto Bobo eleberriari buruz hitz egiteko. Aintzane Usandizaga Lopezek gidatuko du saioa.

Azaroak 19, osteguna

  • Kultur etxean, 19:00etan, kontzertua emango du Biyak Bat koruak.

Azaroak 20, ostirala

  • Kultur etxean, 19:00etan, Taberna Paraíso, un año después antzezlanaren emanaldia egingo dute Makelur taldeko antzezleek.

Azaroak 25, asteazkena

  • Okendo plazan, 12:00etan, elkarretaratzea egingo dute.

Azaroak 26, osteguna

  • Antonio Mercero aretoan, 18:00etan, Indarkeria digitalak, nanosfera eta beharrezko tresnak gazteen artean sortzen ari diren indarkeria mota berri horiei aurre egiteko hitzaldia emango du Sortzeneko kide Sheila Melcon Lopezek.

Azaroak 27, osteguna

  • Kultur etxean, 20:00etan, Sacamantecas filma emango dute Okendo Zinema Taldeko kideek. Sarrerek 6,10 euro balio dute.

Abenduak 14, astelehena

  • Antonio Mercero aretoan, 18:30etik aurrera, Beldur Barik lehiaketako sariak banatuko dituzte udal ordezkariek.