|
Lasarte-Oria Bai Kros Herrikoia Euskararen Maratoiarekin sortu zen, 1996an. Imanol Bardaji, Gabi Valin, Joxean Alberdi eta Roberto Rebe. Herri krosetan korrika aritzen ziren lasarteoriatar talde batek hauspotuta sortu zen lasterketa. Hiru urte luze behar izan zituzten guztia prest izateko; Ostadarrekin jarri ziren harremanetan ideia aurrera eramateko eta euren asmoa ederki bete dute, gure herrian kirol hitzordu garrantzitsua izatea. 40 orduz gogoz! leloa zuen egitarauaren barruan jokatu zen lehenengo edizio hura urriaren 27an, goizeko hamarretan. Biyak Bat zahar egoitzekoen gimnastika, haurrentzako tailerrak, herriko artisauen azoka, pilota partidak, gizon probak eta baserrien arteko herri kirol desafioa... goiz hartako egitarauan kirol ekimen ugari izan ziren. 684 korrikalari Antolatzaileek 500 bat parte hartzaile espero zituzten lehen edizio horretan, baina lasterketak harrera ona izan zuen korrikalarien artean eta 684 kirolari izan ziren irteera puntuan. Horrela dio 1996ko azaroaren 8an TXINTXARRIK argitaraturako kronika: "Eguraldi, bikaina, giro aproposa, kaleak jendez beterik... Hamarrak inguru ziren eta guztia prest zegoen Ostadar Kirol Fundazioak antolaturiko "Lasarte-Oria" Bai Lehen Kros Herrikoiari hasiera emateko. Irteerako pankartaren atzean 684 korrikalari zeuden". |
![]() |
|
Eguneko kontaketan, krosa kirolari askorentzat "euskararen alde izerdi pixka bat botatzeko aitzakia aproposa zela" nabarmentzen da. Antolakuntzako lanen eta ibilbidearen gainean ere jarduten da artikulua. Izan ere, 10 kilometroko ibilbidean herriko auzo guztiak zeharkatzeko hautua egin zuten eta amaieran Kaxkarroko malda igo behar zuten; zehazki hau dio, azken honi buruz: "Ziur nago, korrikalari askok eta asko Kaxkarroko malda ikusi zutenean antolatzaileen lanaz oroituko zirela eta baten bat antolatzaileen familiarengan ere". Lehen edizio hura Mikel Alkorta zarauztarrak irabazi zuen. Ziztu bizian egin zuen ibilbidea, 35 minutu eta 15 segundo behar izan zituen Okendo plazako helmugara iristeko eta horrela arrazoitu zuen orduko kontakizunak: "Zirudienez, nonbait entzun omen zuen Okendon Euskararen IV. Maratoia ospatzen ari ginela eta berak ere, ez zuen euskararen aldeko festa erraldoia galdu". |
|
