Udalerriko kaleak korrikalariz beteko dira Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia eta Kros Festarekin

Txintxarri Aldizkaria

20025 urteko Lasarte-Oria Bai! kroseko irteera.

Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren atarian gaude. Hilaren 24tik 25era neguko ordutegira aldaketa egin ostean, azken egun horretan Geltoki Kaletik aterako da, 10:30ean, 29. edizioa

Aurretik Lasarte-Oriako erdiguneko kaleak azken beroketak egiten dituzten korrikalariez eta ipar martxalariez beteko dira. Guztiek prest egon nahiko dute irteera momentuan eta bakoitzak bere lekua hartuko du.

Pistolak tiroa jo bezain pronto, korrikalariek euren helburua betetzeko erritmoa hartuko dute; minutu batzuk geroago aterako dira ipar martxako kideak.

Modalitate bakoitzeko kideek luzera ezberdineko bidea egin beharko du. Lasterkariek Lasarte-Oria zeharkatu eta Zubietan barrena Okendo plazan amaitzen den hamar kilometroko ibilbidea izango dute aurretik. Ipar martxako kirolariek, aldiz, bostekoa; horiek ez dira Zubietara joaten. 

Irudia: Bikain.

Guztiak helmugara iritsi eta sari banaketa egingo da Okendo plazan. Irabazleek txapela eta lore sorta jasoko dute. Garaikurrik ez da izango, ordea; Aterpeako dendetan erabiltzeko 1.200 eurotako balioa duten erosketa txartelak banatuko dira.

700 bat haur

Hori amaitu eta krosaren harrobia den Korrika Festaren txanda izango da. 2011. urtetik 2021.era jaiotako haur eta gazteak —700 bat espero ditu antolakuntzak— hartuko dituzte Geltoki kaleko inguruak.

Adinaren arabera, ehun metrotatik 1.200 metrotara doazen saioak egingo dituzte eta parte hartzaileak kontuan izanik, multzo bakoitzeko lasterketa ezberdinak izango dira.

Irudia: Bikain.

Korrikalari gazteek helmuga zeharkatu ostean, Jalgune elkarteko kideek banatutako opariak jasoko dituzte.

Dortsalak eta izena ematea

Krosean edo Kros Festan oraindik izena eman ez duten korrikalari edo martxalariek ere, aukera izango dute hurrengo egunetan.
Gaur, hilaren 23an (ostirala), 17:00etatik 19:30era Mercero guneko erakusketa gelan eskuratu ahalko dira dortsalak. Lasterketa bezperan, aldiz, Michelin kirol gunean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era eta lasterketa egunean, 09:00etatik 10:00etara.

Prezioei dagokienez, Lasarte-Oria Bai! Kros herrikoiko dortsalak 10 euro balio du Ostadareko bazkideentzat, eta, 15 euro, gainerako kirolari guztientzat. Lasterketa egunean izen ematen duenak, aldiz, 23 euro ordainduko ditu. Kros Festaren dortsalaren kasuan, 7 euro balio ditu.

Berrikuntza modura, aurten aplikazio berria izango da korrikalarien eta ikusleen eskura. Horren bitartez, ibilbidean zehar zein puntutan dauden partekatu ahal izango dute lasterkariek euren senide eta lagunekin, non animatu jakin ahal izateko.