Sutan dagoen etxea ezin da gasolinarekin itzali

Iñigo Gonzalez Sarobe

Stop Fosilak eragileko kide Gorka Laurnaga, azalpenak ematen.

Euskal Herrian eta nazioartean puri-purian dagoen gai bat izan dute hizpide hilabete honetako hitzaldi-tertulian: klima larrialdia. Borobilean Elkarteko kideek ohiko formatua aurrera eraman zuten eta kontu horretan aditua den pertsona bat gonbidatu zuten Antonio Mercero aretora atzo: Stop Fosilak eragileko kide Gorka Laurnaga. Aurten eratu dute klima aldaketak Lurra planeta osoan dituen ondorioen eta herri bezala daukagun erantzukizunari buruzko eztabaida sustatzeko zein proposamenak gizarteratzeko talde hori.

XI. Euskararen Maratoiaren atarian eta 40 orduz ekimenak bata bestearen atzetik bilduko dituen karpatik metro batzuetara egin zuten solasaldia, Antonio Mercero aretoan. Herria tarte horretan bilduko duen ekimena aitzaki hartuta, giro onean eta goxoan aurkeztu zuen gonbidatua Borobilean Elkarteko kide Joxe Mari Agirretxek: Stop Fosilak eragileko kide Gorka Laurnaga. 

Horretaz jakitun, adituak azaldu zuen hitzaldia emateko modua aldatu zutela eta kolapsoaz eta etsipenaz bakarrik ez, itxaropenaz eta egin daitekeenaz mintzatu zela. "Errealista=negatiboa, hori ez da beti egia". Dena den, gauza bat da azalpenaren enfokea aldatzea, eta beste bat, giro ona ez haustearen mesedetan eufemismoak erabiltzea edo zenbait kontu ez aipatzea. Azken horren aurkakoa burutu zuen Laurnagak, ahoan bilorik gabe hitz egin baitzuen, argi eta garbi: "Krisi ekosozial larria dugu. Lurra planetak gorputza balu, giltzarriak diren bederatzi organoetatik zazpi izorratuta daude". Beste metafora bat ere erabili zuen: "Etxea sutan dago eta lehentasuna itzaltzea da".

Eta nola itzali? Ba gasolina bezalako erregai fosilak erabilita ez, hori ziur. Eredu energetiko hori oso kaltegarria eta kutsagarria dela uste dute Stop Fosilak eragileko kideek eta hori berresteko zenbait azalpen eman zituen eta grafikoak erakutsi zituen. Zein da orduan, euren aburuz, garrak amatatzeko alternatiba bideragarri eta onena? Energia berriztagarriena. Sei arrazoi nagusi eman zituen horien alde egiteko: klima aldaketa gelditzen dutela; aire garbiagoa ekoizten dutela; burujabetza gehiago ematen diela Euskal Herriari, gaur egungo energiaren % 90a kanpotik jasotzen dugulako; eraginkorragoak direla, energia sistema fosileko hiru unitatetatik bi desagertu egiten baitira; birziklagarriak direla; eta demokratikoagoak direla. Azken horri lotuta STOP faxismo fosila leloaz hitz egin zien herritarrei: "Zer da hori? Ba erregai fosilen enpresa handiek eratutako lobbyek eta ultraeskuindarrek match egn dutela, hau da, elkarri eskua eman diotela. Eurek saltzen dutela legitimizatzeko behar dituzte energia berriztagarriak ezdeusak eta itsusiak direla esaten duten ahotsak; AEBetako presidente Donald Trump-ena, esaterako".

Euskal Herrian, zer?

Arestian esan bezala, Laurnagak zehatz eta zorrotz eman zituen azalpenak, kontzeptu teknikoak eta teorikoak grafikoekin eta irudiekin lagunduta. Izozmendi bat erakutsi zuen Euskal Herrian energia nola kontsumitzen dugun erakusteko eta "iceberg fosila" deitu zion. Energiaren % 80 inguru iturri horretakoa da. Berriztagarrien portzentajea, berriz, askoz ere baxuagoa da: Euskal Autonomia Erkidegokoa, esaterako, % 7.

Egoera horren aurrean, Stop Fosilak eragileko kideek "2050 agertokia" deitu diotena esplikatu zuen: batetik, energia gutxiago kontsumitzea, eta bestetik, erabili beharrekotik gehiago izatea berriztagarria. Kopuru zehatzetara eramanda, gaur egungo 80 terawatt/orduko kontsumoa % 45 jaistea bideragarri ikusten dute, 44t/o izateraino. Eta kopuru horretatik, erdia izan dadila gutxienez hemen ekoiztua. "Gure ustez, proposamen honek ez dio gure bizi kalitateari eragiten, ospitaleen funtzionamendua eta garraio publikoak funtzionatzen jarraitzea bezalako oinarrizko zerbitzu guztiak estaltzen jarraituko genukeelako". 

Euskal Herriko kontsumo totala alor ugaritan banatzen da eta aldatua izateko premia gehien duena garraioarena da. "Nola? Politika publiko eraginkorrak eta egiturazkoak aplikatuta, ohiturak aldatu eta desazkunderantz joan gaitezen".

Ertz ugari dituen eta eztabaida bat baino gehiago pizten duen gaia izanik, hitzaldi-tertuliaren bigarren tartea elkarren arteko iritziak trukatzeko erabili zuten atzoko saiora bertaratutakoek. Elkar agurtu aurretik, talde argazkia atera zuten eta Laurnagak guztien esker ona jaso zuen, baita oparitxo bat ere.

Amaierako talde argazkia. BOROBILEAN ELKARTEA

Erlazionatuak

Egia zabaldu eta justizia egin dadin

Txintxarri Aldizkaria ira 24 Gizartea