Egia Kermanentzat eragileko kideak gonbidatu ditu Borobilean Elkarteak astearte honetan, hilak 22, aurrera eraman duen saiora. Ohi bezala, Oriarte Landaberri institutuko musika gelan batu dira. Interes handia piztu du gaiak herritarren artean; jendez mukuru bete da aipatu aretoa.
Arantzazu Beitia, Roberto Villate eta Ainhoa Esnaola izan dira hizlari gonbidatuak; Kermanen gurasoak dira lehen biak, eta lehengusua eta arestian aipatutako eragileko (Egia Kermanentzat) lehendakaria hirugarrena. Horiek hitza hartu aurretik, ordea, Borobilean elkarteko ordezkariak mintzatu dira. Jose Mari Agirretxek hitz egin du lehenik; elkartasuna eta babesa adierazi die senideei. Itziar Arteaga solastatu da Agirretxeren ostean, eta Borobileanen jarduna zein den gogora ekartzearekin batera, solasaldiaren egitura ezagutarazi die bertaratu diren entzule guztiei.
Hori horrela, gonbidatuen txanda helduta, Ainhoak hartu du hitza solasaldiari hasiera emateko. Borobilean elkartearekin eta bertaratutakoekin eskertuta agertu da. Hala, adierazi du eurentzako Kermanen heriotzaz hitz egitea "ez dela batere erraza", nahiz eta horren harira gaineratu duen, "Kermani eta gizarte osoari zor diotelako" ari direla: "Gizarteak badu eskubidea egia jakiteko eta horregatik gaude gaur hemen, Kermanen memoria eta egia defendatzeko".
Sarreratxo horren ostean, gurasoek hartu dute hitza eta xehetasunak argitara ekarri aurretik, azpimarratu dute zein den eurak Borobilean elkartearen gonbidapena onartzearen arrazoia: "Hemen gaude egia zabaltzeko, baina, hemen egoteko beste arrazoi bat ere badugu, eta da, salaketa bat egin nahi dugula. Denuntziatu nahi dugu indar politiko, sozial eta judizialen sare ikusezinak daukan boterea eta inpunitatea".
Hori esanda eta bertaratutakoak gaian kokatzeko, Kermanen heriotzaren egunean, 2025eko otsailaren 23an gertatutakoaz solastatu dira. Heriotza gertatu zen guneko kamerek grabatutako irudiak erakutsita osatu dute hitzartze hori.
Oroitarazi dute euren semea lagunekin joan zela Mitika diskotekara, goizaldean. Bertara sartzeko, ordea, kontrol gunea pasatzea ezinbestekoa da; Kontatu dute eremu hori ez dagoela diskotekaren atean, baizik eta Dendaraba merkatalgunearen eta Pakea kalearen artean, diskoteka ataririk hamar metrora. Hala, azalpenekin jarraituta, esan dute lagunek pasa zutela gune hori, baina, Kermani, ordea, ia barruan zegoela, atezainetako batek atzetik tira egin eta sartzea ukatu ziola. Orduan, minutu batzuetan "negoziazioak, itxaronaldiak eta hizketaldiak" egon ostean, atezainek Kermani leku jakin batean (kontrol gunean) jarri eta bertan itxaroteko agindu ziotela. Orduan, diskoteka barrutik arduraduna irten eta atezainekin bildu zela kontatu dute, eta gaineratu, bertako kamerek grabatutako irudiei erreferentzia eginez, aginte keinuen artean, Kermani eraso egin zion atezainari begira, atzamarrarekin bere masaila markatu zuela loki hezurretik behera. Hark erasotzailearengandik jasotako erantzuna zein izan zen ere ezagutarazi dute: "Erasotzaileak eskuetan zeraman zerbait erakutsi, eta bere masailetako batean bi ukabilkada simulatuz erantzun zion arduradunari". Atezain arduradunaren eta erasotzailearen hizketaldi hori amaituta, azken hori Kerman zain zegoen lekura hurbildu (kontrol gunera) zela azaldu dute gero, eta xehetasun gehiago ere eman dituzte: "Hogei segundo luzez itxaron zuen han. Inor ez zen bertatik pasa segundo horietan, halako batean bi pertsona heldu ziren arte. Kermanek, orduan, aurreratuta zuen hanka atzeratu zuen bi pertsona horiei pasatzen uzteko, eta une hori aprobetxatu zuen erasotzaileak Kermani masailezurrean kolpea emateko". Horri dagokionez, erantsi dute kolpe horren potentziak hil zuela Kerman (haustura bikoitza eragin zion, beheko masaila lehertuta, 1,5 zentimetroko hezur ezpala sartu zion mingainaren oinarrian). Gertakizun horien gaineko deskribapena Euskal Herriko Unibertsitateko kriminalistika katedradun Cesar San Juanek egin duela ere jakinarazi dute hizlariek, eta adituak osatutako txostenean bildutako zenbait adierazpen ezagutarazi dizkiete aretoan bildutakoei. Erasotzailearen gaineko zenbait datu azpimarragarri ere eman dituzte. Esan dute, besteak beste, 140 kilogramoko eliteko kirolaria dela, indar probetako Espainiako txapelduna, hainbat errekor lortutakoa eta profesionalki entrenatua.
Solasaldiarekin jarraitu eta ibilbide judizialaz hizketan hasi aurretik, azpimarratu dute erasotzaileak Kermani kolpea eman ostean, ez zuela inolako laguntzarik eskatu: "Bertatik ihes egin eta diskotekara sartu zen gure semea bertan utzita".
Ibilbide judiziala
Justiziak euren alde ezer ebatziko duenik ez dute espero Villateren senideek; ibilbide judiziala ematen ari den emaitza ikusita, ez dute esperantza handiegirik agertu zentzu horretan.
Kermanen heriotza jazo, kasua aztertu eta lehen deliberazioa eman zuen Gasteizko Instrukzio epaileak esandakoak ezagutarazi dituzte lehenengo. Kontatu dute hark kamerek grabatutako irudiak ikusita, eta autopsiaren emaitza eta testiguen lekukotzat aztertu eta oinarri hartuta "hasiera-hasieratik" esan zuela hilketa edo homizidio gisa epaitu behar zela; hori argudiatzeko instruktoreak eman zituen arrazoien berri ere eman diete entzuleei.
Ostera, kontatu dute hilabete batzuk geroago, irail amaieran, agertu zela ordura arteko bideari itzulia eman zion Jesus Maria Izagirre fiskala; haren jarreraz (eta hark jarritako helegiteaz) mintzatu dira. Azaldu dute "akusatuaren alde lerrokatu" dela lehen unetik, eta haren iritzia dela "zuhurtziagabekeriaz egindako hilketa" izan zela. Hori defendatzeko, noski, instrukzio epaileak deliberatutakoak gezurtatu, eta erasotzailearen argudioen alde ari da. Dio, besteak beste, liskar baten testuinguruan gertatu zela Kermanen heriotza, eta jasotako "zaplastekoaren" ondorioz lurrera erori eta horren kontra hartutako kolpearen ondorioz hil zela gaztea. Argudio horiek guztiek gertakarien larritasuna apaldu egiten dute, eta horiek entzutea, gainera, "iraingarria" da Kermanen senide eta gertukoentzat. Hain zuzen ere, horien guztien aurka borrokan ari dira, eskuartean dituzten mediku txostenek (eta bestelako frogek) diotena oinarri hartuta.
Egoera horren aurrean, senide eta ingurukoek jakin badakite judizialki ezer lortzea "zaila" izango dela, nahiz eta Beitiak eta Villatek nabarmendu duten ahaleginduko direla gauzak "bere onera" ekartzen: "Abokatuek esaten digute zirrikitu batzuk egon badaudela. Ziurrenik oso zaila izango da, eta errekurtsoak aurkeztu beharko ditugu. Aurreikusten dugu ibilbide judizial luzea izango dela, baina gu hor gaude eta beharrezkoa den auzitegira joko dugu".
Luze eta zabal hitz egin dute gaiaz. Bestelako askotariko datu eta informazioak ere ezagutarazi dituzte hizketaldiak aurrera egin ahala. Kontatu dute, adibidez, Kermanen heriotza gertatu zen egun beretik Gasteizko udal gobernuaren jarrera zein izan den; "babes eta erantzukizun falta" salatu dute.
Egungo egoera eta entzuleen galderak eta hausnarketak
Une honetan diligentziak (frogak bilatzeko epealdia) amaituta daudela ere jakianarazi dute senideek, eta gaineratu, orain zein epaiketa prozedura erabiliko dute erabaki behar dutela; mahaigainean dauden aukeren berri ere eman dute.
Hitzorduari amaiera eman aurretik, hizlariei galderak egin edo hausnarketak partekatzeko aukera eman diete, eta izan da tarte hori horretarako baliatu duenik.
Solasaldi hunkigarri bezain emankorra izan da, eta bertaratu direnen talde argazkia aterata agurtu dute elkar.