Sasoeta sasoiko bilakatu duten boluntarioak omenduko dituzte festetan

Txintxarri Aldizkaria

Sasoeta Sasoian auzo elkartearen egoitzan aurkeztu dute egitaraua, San Martzial plazan. Eguraldi ona eskatu dute.

Auzoko jaietako egitarauaren oinarria aldatu ez badute ere, zenbait ekimeni buelta bat eman diete Sasoeta Sasoian elkarteko kideek. Esate baterako, patata tortilla txapelketako partaideek ez dituzte jakiak etxetik eramango; Andatza plazan kozinatuko dute.

Marimar, Javier, Pepita, Aitor... Izenez beteta dago gaurtik (hilak 2) igandera arte ospatuko dituzten Sasoetako Jaietako egitarauaren kartela. Duela hamar urte festak berreskuratu eta auzo elkartea martxan jarri zutenetik gaur egunera arte lan egin duten boluntarioenak dira. Deitura bakoitza adreilu banatan idatzi dute, udalerriko bizigune garrantzitsuetako bat biziberritzerakoan gauzak mimoz eta pazientziaz eraiki behar direla irudikatzeko.

Izen horiek guztiak tartekatzen dira adin tarte guztietarako antolatu dituzten ekimenekin. Sasoeta Sasoian elkarteko kide Jose Antonio Rey eta Ivan Muñozek nabarmendu dutenez, "ordu asko" sartu dituzte jarduerak prestatu eta programa erakargarria osatzeko. Udalaren laguntza jaso dute: 4.884 euroko dirulaguntza eta egun horietarako beharrezko baliabide teknikoak, hala nola karpak. "Asko baloratzen dugu auzo elkarteek herria dinamizatzeko egiten duten lana", azpimarratu dute Agustin Valdivia alkateak eta Jaiak departamentuko zinegotzi Txus Alonsok. Ekimenak prest dituztenez, euren esku ez dagoena ere alde izateko itxaropena dute antolatzaileek: eguraldia. 

Egitarauaren oinarria berbera bada ere, urtero berritzen dute ekimenen bat edo beste. Patata tortilla txapelketan parte hartuko dutenek, adibidez, Andatza plazan kozinatuko dituzte jakiak eta ez dituzte etxetik aurrez prestatuta aurkeztuko lehiaketara. Bestalde, larunbat gaueko musika elektroniko saioari bultzada emango diote eta herriko lau DJ ekarriko dituzte Andatza plazara: David BFL, Ina, M Katxorro eta Xabi Pitching. "Artista talentudun asko ditugu herrian eta euren lana erakusteko aukera emango diegu festetan. Gaurko kontzertuetan ariko diren taldeak ere hemengoak dira: Stereorock, Treverb eta Ertz".

Bestalde, asteburuan zehar barrakak, janari ibilgailuak eta Candybar delakoa jarriko dituzte. Azken jarduera hori berria da: gominolak eta fruitu lehorrak emango dituzte edariekin batera.

Danborrada eta askoz gehiago

Urriak 2, ostirala

  • 17:30ean, Uzturre plazan, kirol jarduera.
  • 18:00etan, Andatza plazan, txokolate jana.
  • 19:00etan, Andatza plazan, txupinazoa eta pregoia. Hamar urteotan auzoa biziberritzeko lan egin duten boluntario guztiak omenduko dituzte Sasoeta Sasoian eragileko kideek.
  • 19:30ean, Andatza plazan, kontzertua: Stereorock.
  • 22:00etan, Andatza plazan, zezensuzkoa.
  • 22:30ean, Andatza plazan, kontzertuak: Treverb eta Ertz.

Urriak 3, larunbata

  • 11:00etan, Jaizkibel plazan, gurasoen eta seme-alaben arteko futbolin txapelketa.
  • 11:00etan, Andatza plazan, patata tortilla txapelketa.
  • 11:30ean, Andatza plazan, minidiskoa.
  • 12:00etan, auzoan barrena, erraldoien eta buruhandien kalejira.
  • 12:00etan, Andatza plazan, Virgen de Guadalupe Extremadurako Etxeko kideek prestatutako ogi mamiak.
  • 14:00etan, Andatza plazan, herri bazkaria. Paella jango dute.
  • 16:00etan, Andatza plazan, Sasoetako VII. Mus Txapelketa.
  • 16:00etan, San Martzial plazako lokalean, xake txapelketa.
  • 18:30ean, auzoan barrena, danborrada. Jaizkibel plazatik irten eta enparantzaz enparantza joko dute.
  • 20:00etan, Andatza plazan, Juke-Box ekimena. Herritarrek euren gustuko abestiak eskatu ahalko dituzte.
  • 22:00etan, Andatza plazan, zezensuzkoa.
  • 22:30ean, Andatza plazan, musika elektronikoa jarriko dute zuzenean Lasarte-Oriako lau DJk: David BFL, Ina, M Katxorro eta Xabi Pitching.

Urriak 4, igandea

  • 11:00etan, Andatza plazan, pil-pil erara kozinatutako bakailao txapelketa. Herriko elkarte gastronomikoetako kideek parte hartuko dute.
  • 12:00etan, Jaizkibel plazan, dantza erakustaldia.
  • 12:30ean, Jaizkibel plazan, haurren danborrada.
  • 14:00etan, Andatza plazan, amaierako traka.

Erlazionatuak

Duela hamar urteko Sasoetako Jaiak gogoratzen

Txintxarri Aldizkaria ira 29, 09:00 Gizartea