Euskal jantzien bilakaera eta ezaugarriak ezagutu dituzte

Iñigo Gonzalez Sarobe

Errenteriako Jantziaren Zentroa zuzentzen du Ramon Garciak eta bertan ikusgai dituzten zenbait konjunto Antonio Mercero aretora ekartzeaz gain, gai horri buruz dakiena partekatu du gela goraino bete duten herritarrekin.

Erketz EDT dantza taldeko kide Maitane Ormazabalek adierazi zuen bezala, alboan zuen Ramon Garcia adituak "bost orduko bakarrizketa" eman zezakeen euskal jantzien ezaugarriei eta bilakaera historikoari buruz, baina hilaren 23ko hitzaldia ez zuten horrela planteatu. Antonio Mercero aretoa lepo bete zuten herritarrei edozein unetan hitza hartzeko eta galderak egiteko aukera eman zieten, saioa dinamikoagoa izan zedin. Eta horrelaxe aritu ziren, ordu eta erdi inguruz hitz eta pitz, guztien ekarpenekin elkar aberasten.

Aberatsa baita gaia bera, euskal jantziena. Hori jorratzen urteak daramatza Ramon Garciak eta Errenterian dagoen Jantziaren Zentroa zuzentzen du. Eragilearen webgunean irakur daitekeenez, 2017an ireki zituen ateak, udalerri horretako udalak eta Iraultza Dantza Taldeak egindako hitzarmenari esker. Kapitain-etxea izeneko etxean ari dira lanean: XVII. mendekoa da eta bertan jaiotako Matxin de Uranzu itsas kapitainak ematen dio izena. Gaur-gaurkoz, lantaldekoek helburu hauekin lan egiten dute: batetik, gure arbasoek erabiltzen zituzten jantziak batu eta kontserbatzeko; eta, bestetik, XVIII. eta XX. mendeen artean bai Euskal Herriko bai nazioarteko arropen bilakaera erakusteko.

Ariketa hori bera egin zuen Garciak. Zehazki, XIX. mende amaierako eta XX. gizaldi hasierako jantziak eta ohiturak izan zituen hizpide. Gizonezkoek erabiltzen zituztenei buruz hasi zen, "sinpleagoak" zirelako: "Txota, zaldia eta erregea". Txapelak, esaterako, gaur egungoak baino txikiagoak ziren, txanpinoi itxurakoak. Gerrikoak "estu" eramaten zituzten eta galtzen barruan eramaten zuten guztia ongi lotzeko erabiltzen zuten: blusa, atorra, txalekoa... Detaile horiek arreta deitu zien erakusketa aurrez ikusi zuten herritar batzuei. Horri lotuta, mahukarik gabeko jantzi hori zen konjuntoari kolorea ematen zion elementu bakarra. Bestalde, galtzerdiak ez zituzten galtzaren gainetik jartzen, menditik jaisterakoan prakak ez zikintzeko salbu. Eta abarkak kendu egiten zituzten herrira iristean, normalean larruzkoak izaten ziren alpargatak janzteko.

"Koherentziaz" jantzi

"Batek baino gehiagok esan dit jantzitegiaren eta janzteko moduen talibana naizela; tira, baserritar janztera banoa, ariketa hori koherentziaz egiten dut nik", hausnartu zuen Garciak. Gizonezkoen zein emakumezkoen konjuntoen bilakaeran gaizki transmititutakoak aletu zituen, kalean ikusten dituenei buruz zera botatzeko gero, ironiaz eta umorez: "San Tomas egunean ez naiz herrira jaisten, txistorra eta ogia bezperan erosi eta bertan jaten dut. Etxe barruan erretzen dudan egun bakarra da". 

Emakumezkoen jantziei buruz hizketan ari zenean, "errieta" egin zien guztiei, "buruko zapia janzteko ohitura galdu" egin dutelako oro har. Halaber, zehaztu zuen gaizki transmititua izan dela baita ere soinekoen luzera: "Dantza txapelketen eraginez hasi ziren mozten, epaileek dantzariek oinak nola erabiltzen zituzten ikusi nahi zutelako". Azpiko gona ere izan zuen hizpide eta "oso pieza inportantea" dela azpimarratu zuen, goikoa baino motzagoa eta "inoiz" begi bistan egon behar ez duena.

Azalpenak eman bitartean garai horietako zenbait argazki erakutsi zizkien adituak.

Erlazionatuak

Tradizioa entzuten

Iñigo Gonzalez Sarobe ira 22 Kultura