Tradizioa entzuten

Iñigo Gonzalez Sarobe

Historian zehar euskal musika tradizionalean erabilitako instrumentu ugari ezagutu dituzte Antonio Mercero aretoko bisita gidatua egin dutenek. Soinuenea Herri Musikaren Txokoa museoko irakasle Itziar Navarro Nuñezek eman dizkie azalpenak eta zenbait tresna jo ditu zuzenean, hala nola alboka, tronpa musugitarra edota txalaparta, boluntario aritu den ikus-entzule baten laguntzarekin.

Euskal Aste betean murgilduta gaude. Erketz EDT dantza taldeak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatu duten ekimenaren barruan Soinu-tresnak Euskal Herri musikan erakusketan oinarritutako esposizio ibiltaria jarri dute Antonio Mercero aretoan. Oiartzungo Soinuenea Herri Musikaren Txokoa-ko lagunek ondu dute eta bertako irakaslea den Itziar Navarro Ibañez etorri da ekitaldira bertaratu diren dozenaka herritarrei azalpenak ematera. Hitzezkoak ez ezik, soinuzkoak ere partekatu ditu, zuzenean jo baititu alboka, tronpa musugitarra, sunprinua edota txalaparta; azken hori, bere burua boluntario gisa eskaini duen Jesusekin batera. 

Goizeko hamaiketarako etorri dira ikus-entzuleak, euskal musika tresna tradizionalen unibertsoa ezagutzeko gogoz. Kuriositatea ase ez eta are gehiago sakondu nahi dutenei Oiartzungo erakusketara joatea gomendatu die Navarrok: "Euskal Herrikoak ez ezik, mundu osoko instrumentuak ditugu bertan". Antonio Mercero aretoan igandera arte ikusi daitekeen esposizioko tresnak lau familiatan antolatu dituzte: ideofonoak, aerofonoak, menbranofonoak eta kordofonoak. Horrez gain, hots jostailuen txokotxoa atondu dute, umeentzako. Multzo bakoitzeko instrumentuak eta euren atzean dauden istorioak zein bitxikeriak kontatu dizkie gidariak.

Egindako lana ospatzeko

Hizpide izan duten instrumentuetako bat txalaparta izan da. Jatorriaz galdetuta, sagarrak txikitzearekin eta sagardoa egitearekin lotura duela erantzun du batek. Eta asmatu du. Navarrok azaldu duenez, "sagardoa egina zegoela jakinarazteko eta hori ospatzeko" jotzen zuten txalaparta baserrietan. Horren ondotik, tresna hori jotzeko hiru printzipioak zerrendatu dizkie: binaka aritzea, inprobisatzea eta jotzaileek elkar ez zapaltzea. Teoria praktikan jarri dute segidan, Navarrok berak eta Jesusek minutu batzuez elkarrekin jo dutelako: irakasleak Herrena egin du, eta boluntarioak, Ttakuna

Goizeko une politenetako bat heldu da segidan. Txalaparta desberdinen azalpenekin segita, tobera erakutsi die Navarrok parean zituen herritarrei, eta garai batean ezkontzetan abestu ohi zuten kopla bat kantatu die. "Oso polita" dela nabarmendu dute guztiek, eta horixe bera berretsi du Navarrok. Gaur-gaurkoz, ordea, oso zaila da horrelakorik zuzenean entzutea: "Ez dugu ezkontzetan abesten eta ez gara ezkontzen", bota du irakasleak, umorez.

Sunprinua eta alboka

Ideofonoen familiako instrumentuen ostean ezagutu dituzte aerofonoak, hau da, haizezkoak. Ezagunagoak batzuk (txistua, txirula edota zeharkako flauta) eta bitxiagoak besteak, esate baterako, Nafarroako artzainek eskuz egindako sunprinuak, hurritzaren azal zintak erabilita. "Forma konikoko saserri-dultzainak dira eta soinu indartsua egiten dute; hori bai, hilabete gutxi irauten dute lehortu edo usteldu aurretik", zehaztu du Navarrok. Erakusketara ekarritakoa zuzenean jotzea ezinezkoa denez, aurrez grabatutako doinu bat jarri die, herrian egin berri duten Erdi Aroko Azokako doinuak gogorarazi dizkiena.

Jarraian, ikus-entzuleei ezagunagoa egin zaien alboka jo du Navarrok. Instrumentua erabili bitartean egin beharreko arnas ariketak esplikatu dizkie, baita tresnaren egitura ere. Adi-adi entzun dute horren soinu magikoa eta irakaslearen ahalegina txalotu dute bukatu duenean. Halaber, jakinarazi die urriaren 3an Gipuzkoako V. Alboka Topaketa aurrera eramango dutela Oiartzunen, Soinuenea museoa dagoen udalerri berean.

Kazetariak aretotik joan behar izan duenerako eguerdiko hamabiak ziren eta instrumentu menbranofonoez ari zen Navarro. Besteak beste, trikitixak izan ditu hizpide eta kontatu du Euskal Herrian jotzen direnak Italian fabrikatzen dituztela gaur egun, ohiko modeloek baino bi botoi gehiagokoak. Ezaugarri horietako aurreneko instrumentuak Austrian patentatu zituzten eta Alpeetatik etorri ziren langileek ekarri zituzten gurera. Garai horietan uste zuten orduko euskal musikaren tradizioa hautsiko zutela. Gauzak nola diren: gure kulturan erabat integratuta daude gaur egun.

Kordofonoen familiako instrumentuak eta hots jostailuen mahaiko tramankuluak aztertu dituzte jarraian, bisita gidatua bukatutzat eman eta elkar agurtu aurretik. Gaurkora joaterik izan ez dutenek hilaren 24an izango dute aukera, 18:00etatik 19:30era egingo duten ekimenean.