Prestatu duten egitarauak 26ko Euskal Jaia izango du ardatz. "Ospakizuna egun bakarretik harago eramango dugu eta gure kulturara hurbiltzeko modu ugari emango dizkiegu herritarrei, janzkera eta instrumentu tradizionaletatik hasi eta dantzatu arte". Hori horrela, azaldu dute Euskal Astearen topaleku nagusia Antonio Mercero aretoa izango dela, bertan aurrera eramango dituztelako bi erakusketa hauek: batetik, Errenteriako Jantziaren Zentroa eragileak prestatutakoa, arropena; eta, bestetik, Oiartzungo Soinuenea-k ondutako Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan izenekoa, musika tradizionalean erabilitako instrumentu historikoak oinarri dituena. Bata zein bestea hilaren 21ean irekiko dituzte, astelehenez, 19:00etan.
Hurrengo egunean musika tresnei buruzko bisita gidatua egingo dute Soinueneako lagunek 11:00etatik 12:30era. Parte hartu nahi dutenek euren izen-abizenak eta telefono zenbakiak bidali beharko dituzte kultura@lasarte-oria.eus helbide elektronikora. Bestalde, arratsaldeko zortzietan entsegu irekia aurrera eramango dute Erketzeko dantzariek Okendo plazan. "Gure ohiko lana erakutsiko dizuegu; hurbil zaitezte euskal dantza ezagutzera eta anima zaitezte gurekin batera aritzera".
Jantziei buruzko hitzaldia
Hilaren 23an, asteazkenarekin, Errenteriako Jantziaren Zentroko kide Ramon Garciak baserritarren janzkera tradizionalari buruz hitz egingo du; gaztelaniaz ariko da eta antolatzaileek euskarazko itzulpena emango dute. 18:00etatik 20:00etara arteko solasaldia izango dela aurreikusi dute, Antonio Mercero aretoan hori ere. Aditua solastu bitartean Iraultza Dantza Taldearen arropa dotoreak erakutsiko dituzte.
Eta 24an, berriz ere musika tresna tradizionalak ezagutzeko aukera, orduko horretan, arratsaldez. 18:00etatik 19:30era jardungo dira Soinueneako kideak Antonio Mercero aretoan. Izena emateko prozedura 22ko saiokorako berbera da.
Aipatu erakusketak ikusteko azken eguna hilaren 27a izango da, igandea. Astelehenetik larunbatera arteko ordutegia 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara artekoa izango da; eta itxi aurreko egunekoa, berriz, 11:00etatik 13:00etara bitartekoa.
Bazkarirako txartelak, salgai
26an bat egingo dute Erketzek eta udalak aurkeztu duten ekimenak eta Euskal Jaiak. Azken horri buruzko zenbait zertzelada eman dituzte agerraldian, hala nola 11:00etan hasiko dela kantu eta dantza jira edota 18:00etan abiatuko dela erromeria.
Bestalde, gogorarazi dute egun horretako herri bazkarirako txartelak erosteko azken egunak direla. Eskuratu nahi dituztenek Ttakun Kultur Elkartearen bulegora (Geltoki kalea 4, behea) etorri behar dute, 09:00etatik 13:00etara edo 16:00etatik 18:00etara (astelehen goizetan eta ostiral arratsaldeetan salbu). Helduen menuak 25 euro balio ditu; haurrenak, berriz, 15 euro. Berrehun lagunentzako tokia dago.
Goizetik gauera arteko festa izango da Euskal Jaia, 09:30ean hasi eta 01:00etan amaituko dena. Berrikuntzetako bat kuadrillen arteko proba mistoa da; izena eman nahi dutenek aitor@kulturatelier.eus helbide elektronikora idatzi behar dute.
Euskal Astea
Erakusketak
- Hilaren 21etik 27ra, 11:00-13:00 eta 17:00-20:00, Antonio Mercero aretoan. Azken egunean, goizez soilik.
Bisita gidatuak
Euskal musika tresnak.
- Hilak 22, 11:00-12:30, Antonio Mercero aretoan.
- Hilak 24, 18:00-19:30, Antonio Mercero aretoan.
Entsegu irekia
- Hilaren 22an, 20:00etan, Okendon.
Hitzaldia
Euskal jantziak.
- Hilak 23, 18:00-20:00, Antonio Mercero aretoan.