Udaleko eta Mugikortasun Astearen barruko jarduerak koordinatzen dituen Artelatz enpresako ordezkariek gogorarazi dute ibilgailu erabat elektrikoa dela, eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta dagoela. Horrez gain, ohartarazi dute udalerriko hainbat punturen arteko loturan "funtsezko funtzioa" duela, eta "ibilgailu pribatuaren erabileraren alternatiba iraunkorra" dela.
Ostiralean, ekimen gehiago
Hiru egun geroago, berriz, hilaren 25ean, izango dira jarduera gehienak. 11:00etan, esaterako, udaletxeko arkupeetatik abiatuko da ikasturte berriko lehen Ondo Ibili egitasmoa. Herriko adinekoei zuzendutako ekimena da. Herrian barrena oinezko ibilbideak egiten dituzte, eta egun horretatik aurrera, ostiralero aurrera eramango dute.
Arratsaldean, berriz, 16:30etik 20:00etara, Okendo plazan, bigarren eskuko bizikleta eta patineteen azoka egingo dute Okendo plazan. Bertan, egoera onean dauden mugikortasun pertsonaleko aipatu ibilgailuak saldu eta erosteko aukera izango da dute, noski, adinez nagusiak direnek. Erosteko ez bezala, saltzeko aurrez izena ematea ezinbestekoa dela ohartarazi du Gondatek. Horretarako, www.merkabi.eus/lasarte-oria web ataria erabili behar dute interesdunek.
Bien bitartean, Okendon bertan eta Kale Nagusian familientzako hainbat jarduera aurrera eramango dituzte. Zirkuitu eta abilezia probak izango dira. Tailerretan aritzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek, baita bizikletaren txirrinak apaintzekoa ere. Irakurketa eta marrazketa txokoa ere izango da. 17:30ean hasi eta 19:30ak bitarteko iraupena izango dute.
Egunari amaiera emateko, ordea, eta Ostadar SKTren elkarlanean, ipar martxa saioa aurrera eramango dute. Okendo plazatik abiatuko dira partaideak, 18:00etan. Horri dagokionez, ohartarazi dute hitzordua inklusiboa izango dela, hau da, ikusmen urritasuna duten pertsonek ere bertan parte hartzeko aukera izango dutela.