Gazte Topagune Sozialista aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria

Gaztelekuan elkartu dira 2026ko Gazte Topagune Sozialista aurkezteko. 

Elizondon ospatuko da 2026ko Gazte Topagune Sozialista. Lau eguneko egitarau zabala prestatu dute, urriaren 9tik 12ra. 

2026ko Gazte Topagune Sozialista aurkeztu du Lasarte-Oriako Gazte Koordinadora Sozialistak. Gaztelekuan elkartuta, ekimenaren nondik norakoak azaldu dituzte. Aurkezpenaren ostean, pintxadaz gozatu dute, Andatza tabernan. 

"Hausnarketarako eta formakuntza politikorako espazioa izateko asmoz", lau eguneko egitarau zabala prestatu dute Topagunearen seigarren ediziorako Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Antolakunde Sozialistak. Hitzaldiak emango dira gai politikoen eta sozialen inguruan; besteak beste, faxismoaren eta etxebizitzaren auziaren gainean. Bestalde, ekimenak aisialditik ere, izan, baduelako, emanaldien eskaintza ugaria izango da antzerkiarekin, umorearekin eta kirolarekin. 

Sozialismoaren "gaurkotasuna" berrestu dezakeelakoan, Lasarte-Oriako kideek adierazi dute milaka gaztek sozialismoaren aldeko hautua egin dutela erakusteko aukera izango dela Gazte Topagune Sozialista, bai eta egungo testuinguruaren inguruko "zorroztasuna" lantzeko eta kontzientzia politikoa garatzeko espazioa ere. Ildo beretik, ezinbestekotzat jo dute gazte langileen eginbeharrez eta urgentzia politikoez jabetzea eta hitz egitea, eta Elizondon emango dena horretarako abagune izango dela gaineratu dute. 

Abaguneak abagune, "euste horma" bat eraikitzen behar dela babestuz, GKSeko kideek gehitu dute aldarrikapenak erdigunean izango dituela ekimenak. Horren harira, zabaldu dute Faxismoaren eta autoritarismoaren aurka gazte langileok sozialismoa eraiki lelopean, manifestazioa egingo dutela, urriaren 11an, 17:30etan. 

Bertaratzeko aukerak 

Lasarte-Oriako GKSeko kideek jakinarazi dutenaren arabera, hainbat aukera izango dituzte interesatuek Elizondora bertaratzeko. Alde batetik, aitortu dute kotxeetan abiatzeko koordinatuko direla. Bestetik, eskualdetik autobus bat jarriko da Baztanera ailegatzeko. Era berean, zehaztu dute eurekin harremanetan jartzeko honen guztiaren inguruan informazio gehiago jasotzeko. Sarreren inguruan zalantzarik izanez gero, gehitu dute beldurrik gabe harremantzeko haiekin, esaterako, sare sozialen bidez. 

Erlazionatuak

Gazte Topagune Sozialista 2026

Lasarte-Oriako GKS ira 18 Iritzia