ESKUALDEA

Euskara Bonua jarriko dute martxan

Buruntzaldea

Eusko Jaurlaritzak 'Euskara Bonua' izeneko euskara ikasteko eredu berria aurkeztu zuen apirilean. Argazkia: Irekia ataria.

Euskara Bonuak aldaketa nabarmenak ekarriko ditu. Oraingo ereduarekin, adibidez, euskara ikastearen kostua 2.100 eurora iritsi daiteke; Euskara Bonuarekin, berriz, 120 eurora jaistea aurreikusten da. Horrek 
% 95eko aurrezpena ekarriko luke, eta, gainera, ikasleek autonomia eta malgutasun handiagoa izango lukete ikasketa prozesua antolatzeko.

Eredu berriaren arabera, hasieran ordainketa bakarra egitea nahikoa izango litzateke, eta bonuak lau urtez ikasteko aukera emango luke. Dena den, proposamena behin-behinekoa da oraindik, Gobernu Kontseiluak onartu arte ez baita behin betikoa izango. Aurreikuspenak betez gero, ikasturte berriarekin batera jarriko dute indarrean.

Helburua ez da ikastaro jakin bat soilik finantzatzea, baizik eta ikasleari euskaraz normaltasunez aritzeko behar duen mailara iritsi arteko ikasketa prozesu osoa laguntzea.

Izan ere, hori izan da Eusko Jaurlaritzaren azken urteetako lan ildo nagusietako bat: euskara ikasteko oztopo ekonomikoak murriztea. Jaurlaritzaren arabera, hartutako neurriek emaitza positiboak izan dituzte. Esaterako, C1 mailan matrikulatutako 16 eta 18 urte bitarteko gazteen kopurua % 24,6 hazi da; A1 mailan, % 30; eta A2 mailan, % 20 inguru.

Bildutako datuen arabera, azken hiru urteetan 100.000 ikaslek baino gehiagok eman dute izena euskaltegietan. Eusko Jaurlaritzaren ustez, datu horiek erakusten dute oztopo ekonomikoak murrizteak gero eta herritar gehiago animatzen dituela euskara ikastera.

Ezarpena progresiboa izango da

Euskara Bonuaren sistema berria pixkanaka jarriko dute martxan. Lehen urratsa 2026-2027 ikasturtean emango dute, eta A1 eta A2 mailak ikasteko aukera eskainiko du.

Bestalde, gaur egun A1 eta A2 mailetako laguntzak jasotzen ari diren ikasleak automatikoki sartuko dira Euskara Bonuaren sisteman, eta ez dute berriro matrikula ordaindu beharko.

Indarrean jarraituko duten laguntzak

Euskara Bonua ez da izango laguntza bakarra. Gaur egun indarrean dauden dirulaguntzek ere bere horretan jarraituko dute. HABEk hainbat dirulaguntza eskaintzen ditu.

Horietako bat maila gainditzeagatiko edo egiaztatzeagatiko dirulaguntza da. Ikasleek matrikulatutako maila gainditzen edo egiaztatzen badute, matrikularen kostuaren zati handi bat edo, kasu batzuetan, kostu osoa berreskuratu ahal izango dute. Laguntza hori A1etik C2ra bitarteko edozein mailatan matrikulatutako ikasleek eska dezakete.

Hauek dira maila egiaztatuz gero jaso daitezkeen dirulaguntzak:

  • A1 maila: 600 euro.
  • A2 maila: 800 euro.
  • B1 maila edo baliokidea: 900 euro.
  • B2 maila edo baliokidea: 1.000 euro.
  • C1 maila (1996an edo ondoren jaiotako ikasleentzat): 700 euro.
  • C1 maila (1995ean edo lehenago jaiotako ikasleentzat): 150 euro.
  • C2 maila: 100 euro.

Horrez gain, 16 eta 18 urte bitarteko gazteek C1 mailako ikastaroa ia doan egiteko laguntza berezia izango dute. C1 maila helburu duten 16-18 urteko ikasleek 0,60 euro orduko matrikula murriztua ordainduko dute.

Atzerritik etorritako herritarrentzat, berriz, AISA programa dago. Programa horren bidez, harrera egiteaz gain, euskarara lehen hurbilketa eskaintzen zaie.

Informazio gehiago nahi dutenek HABEren ebazpenean aurkituko dituzte laguntza guztien baldintzak eta xehetasunak:

https://www.habe.euskadi.eus/dirulaguntzak-habe/webhabe00-edukiak/eu/