Astelehenean jarriko dituzte salgai Euskal Jaiko bazkarirako txartelak

Txintxarri Aldizkaria

Iazko herri bazkarian ehun lagunentzako tokia zegoen. Aurten berrehun izango dira.

Ba ote dago ospakizunik mahaiaren bueltan eseri eta jan eta edan bitartean giro ederrean egoteko ekimenik ez duenik? Hilaren 26ko Euskal Jaia, behintzat, ez da salbuespena izango: herri bazkaria egingo dute Askatasunaren parkean, 14:30etik aurrera. Horri lotuta, udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak jakinarazi dute eragilearen egoitzan salduko dituztela berrehun lagunentzako txartelak, hilaren 7an hasi eta tiketak agortu arte.

Bi menu prestatu dituzte. Haurrenak 15 euro balio ditu eta hauxe izango dute jateko: hestebete iberikoak, urdaiazpiko kroketak, baserriko oilaskoa parrillan eta izozkia. Helduenak 10 euro gehiago balio ditu: hestebete iberikoak, entsalada mistoa, baserriko oilaskoa zein txerri saiheskia parrillan, limoizko sorbetea, kafea eta edariak. Umeen zaintza gurasoen ardura izango dela zehaztu dute antolatzaileek.

Ttakun Kultur Elkarteko kideek jakinarazi dute udako ordutegian ari direla lanean. Horregatik, hilaren 11ra arteko ordutegia hau izango da: 09:00etatik 12:00etara eta 12:00etatik 15:00etara. Astelehen goizetan eta ostiral arratsaldetan itxita dago Geltoki kalea 4 zenbakiko bulegoko harrera.

Hilaren 14tik aurrera, berriz, ordutegi hauetan erosi ahalko dituzte txartelak herritarrek: 09:00etatik 13:00etara edo 16:00etatik 18:00etara (astelehen goizetan eta ostiral arratsaldeetan izan ezik).