ESKUTITZA

Afariak banatzea ez da delitua!

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 29a

Donostiako Udalak Kaleko Afari Solidarioak (KAS) banatzea debekatu du. TXINTXARRI-n berri eman genuen modura, Lasarte-Orian ekimen horretan parte hartzen duen herritar talde bat dago Elkartasun sarearen bitartez. Egoeraren berri eman zein gaur Donostian antolatu den mobilizazioarekin bat egiteko deia eginez idatzi bat helarazi dute aldizkarira

 

Donostiako Udalak kaleko afari solidarioak debekatu ditu. Atzo gauean, Donostiako alkatearen dekretuz, udaltzainak afari guneetara gerturatu ziren afariak banatzea debekatzen zenaren berri emanez. Hain zuzen, Lasarte-Oriako taldeari zegokion debekatutako lehenengo afaria prestatzea eta banatzea.

Kaleko Afari Solidarioak 2020ko azarotik Donostiako kale egoeran bizi diren pertsonen elikadura eskubidea bermatzeko lanean ari den herritar ekimena da. Boluntarioen lanari esker, gaur egun ehunka afari bero banatzen dira egunero, behar gorrian dauden 300 bat pertsonei oinarrizko eskubide bat bermatuz.

Afaria emateaz gain, ekimen hau elkartasunerako eta babeserako gunea ere bada. Kale egoeran bizi diren askorentzat ez da soilik otordu bat; entzunak izateko, harremanak egiteko eta laguntza jasotzeko espazioa ere bada.

Hala ere, Donostiako Udalak inolako elkarrizketarik gabe eta azalpenik eman gabe erabaki du ekimen hau debekatzea, ehunka pertsona afari bero barik uzteko arriskua sortuz.

Lasarte-Oriatik ia 2 urte daramagu herritar talde batek hilean behin afari horiek prestatzen eta banatzen. Oso ondo dakigu zer behar gorri dagoen, ez Donostin bakarrik, baita gure herrian ere, gertatu berri diren jarrera aporofobo, insolidario eta arrazistak ikusirik. Duela bi aste, Oztarango eskola aterpe zuten eta kale egoeran dauden pertsonak desalojatu zituzten, babesik gabe utziz.

Gaurko afaria bertan behera gelditu da, poliziarengatik jazartuak izatearen beldur eta afaltzera datozenek jasan ditzaketen ondorio fisiko zein legalak ekidin nahian.

Honen guztiagatik, KASen noizbait parte hartu duzuen guztioi, eskola, elkarte, eragile, komertzio, mugimendu sozial eta, oro har, herritar guztioi hurrengo mobilizazio, salaketa kanpaina eta proposatzen ditugun gainerako ekimenekin bat egitera gonbidatzen zaituztegu.

Asteazkenean 20:00etan, hilaren 29an, Plaza Berrin egingo den mobilizaziora deitzen zaituztegu.

Afariak banatzea ez da delitua!

Oztopoen gainetik, gora KAS! 

Erlazionatuak

Elkartasun zaparrada, Xirimiritik Donostiara

Iñigo Gonzalez Sarobe - DONOSTIA 2025 urt 29 Gizartea