Elkartasun zaparrada, Xirimiritik Donostiara

Iñigo Gonzalez Sarobe - DONOSTIA 2025ko urt. 29a, 14:17

Banaketa amaituta, talde argazki bat atera dute boluntarioek.

Lasarte-Oriako Elkartasun Sareko kideek ehun otordu pasatxo prestatu eta banatu dituzte Donostiako Gipuzkoa plazan, Kaleko Afari Solidarioak egitasmoko lagunekin lankidetzan. Eragile horretako boluntarioek lau urte baino gehiago daramatzate kale egoeran dauden zientoka pertsona elikatzen, egunean behin behintzat bero jateko aukera izan dezaten.

Atzo iluntzeko afari solidarioen banaketa ongi joan zen eta gaueko bederatziak pasatxo itzuli ziren Lasarte-Oriara boluntarioak, nekatuta baina poz-pozik, esku hutsik eta bihotzak beteta. Kotxeetako batera igo zirenek hitz eta pitz egin zituzten hiritik herrira dauden zortzi kilometroak. Dikrak kontatu zuen hamabost urte daramatzala gurean bizitzen, eta "denetik" topatu duela tarte horretan. Badaudela beraiekin hitz egitea merezi ez dutenak baina baita borondate ona dutenak eta laguntzeko prest daudenak ere. Horrelakoak dira (bertatik bertara egiaztatu ahal izan du TXINTXARRI-k), adibidez, elkartasun sarea sortu berri duten boluntarioak: hilabete baten buruan eragilea eratu, janari bilketa solidarioa egin eta Donostian ehun afari pasatxo prestatu eta banatzeko gai izan dira, hiri horretan bizi eta, beraiek bezala, borondate ona duten eta laguntzeko prest dauden Kaleko Afari Solidarioak (KAS) egitasmoko lagunekin lankidetzan. Lau urte baino gehiago daramatzate kale egoeran dituzten pertsonak elikatzen, musutruk, egunean behin bederen bero jateko aukera izan dezaten. Arituak eta adituak dira honezkero, eta primeran gidatu zuten lan hori lehen edo bigarren aldiz aurrera eraman duen kuadrilla. Zoriondu egin zituzten eta nabarmendu zituzten, batez ere, lasarteoriatarren antolaketa eta logistika. Lasarte, kaso aparte (kasu honetan, onerako).

Txikiak eta betetzeko errazak diruditen poltsetan sartu zutena prestatzeak eskatzen du arratsalde oso bateko lana. Elkartasun sareko aurreneko kideak 16:00ak jo aurretik bertaratu ziren Xirimiri elkartera, mise en place delakoa (otorduak egiteko beharrezko guztia prestatzea, alegia) atontzen hastera: poltsak eta tuperrak mahaietan jarri, ogia moztu, plater nagusirako dilistak eta arroza egosten jarri, azkenburukorako fruta ekarri, janaria garraiatzeko kaxak garbitu... Tantaka-tantaka iritsi ziren kide gehiago eta 17:00ak aldera joandakoak zur eta lur geratu ziren, aurreneko txandakoek oso aurreratuta zutelako hori guztia. 

 

Behar gorrian dauden pertsonak laguntzeaz gain (Donostiakoekin hasi dira baina asmoa dute gure herrian bizi direnen beharren diagnostikoa egin eta esku hartzeko), elkartasun sarearen helburuetako bat bada eragilearen izenak adierazten duen hori bera, hau da, herritarrak saretzea: haurrak, gazteak eta helduak. Hori horrela izanik, gogotsu lan egiteaz gain aukera izan zuten gai ugariri buruz hitz egin eta gauza berriak ikasteko, adibidez, sukaldean, dilistak eta arrozak prestatu bitartean: Anek gobernatu zituen bi pertzak eta arratsaldean zehar inguruan izan zituztenek adi jarraitu zituzten sukaldariak emandako jarraibideak. Eta lanak aurreratuta izateak bide eman zien, tartetxo batez, elkartasun sareko kideetako biren urtebetetzea ospatzeko: bi protagonistak eta beste taldekide batzuk borobilean bilduta zirela, ezustean eman zieten croissant bat hiru kandelarekin, Zorionak zuri kantatu bitartean. Irribarretsu itzali zituzten.

Xirimiritik, Donostiara

Arratsaldeko zazpietarako prest zeuden dilistak eta arroza. Lehenxeago utzi zuten gaueko banaketa erabat antolatuta: nola errazionatu tuperretako janaria, poltsak nola sartu kaxetan eta nola kargatu autoetan, nortzuk joan Donostiara lehenago (besteak beste, afaldu nahi zuten pertsonei banatzeko tiketak hartzera) eta nortzuk geroago... Ez zitzaien asko kosta izan hori dena adostea eta bosteko aurreneko taldetxoa 19:15ean jarri zen martxan, Xirimirin zeuden gainerakoek otorduak jo eta su prestatu bitartean.

 

Aurreneko taldetxo horrekin batera joan zen TXINTXARRI: Dikra, bere seme-alaba Malak eta Moha, eta Maider. Gros auzoko Marruma tabernara joan ziren, KASekoekin hitzordua jarritako tokira. Atarira iristean zain zuten Garazi, elkartasun sareko beste kideetako bat, eta elkar agurtu ostean barrura sartu ziren, tabernara. Bertan zegoen Agus, jabea; adeitsu eta goxo, esan zien barrurago sartzeko, bertan zeudela KASeko kide Gema eta Iraitz, eta baita egunero-egunero lagun dituzten banatzaileak ere. Elkar agurtu eta eskerrak eman zizkieten elkarri; beteranoek hasiberriei, atzoko egunean laguntzera animatu izanagatik, eta hasiberriek beteranoei, gisa honetako egitasmo bat aurrera eramateagatik. Banatzaileentzako lau otorduak Marruman utzi, banatzeko tiketak hartu eta Gipuzkoa plazarantz abiatu ziren. "Egunean-egunean aritzen gara hemen, lau urte baino gehiago daramatzagu honetan eta banaketa guztiak izan dira desberdinak; ea nola doan gaurkoa", adierazi zuten Gemak eta Iraitzek.

Elkartasun sarekoek bidean jaso zituzten banaketarako kontuan izateko jarraibideak: tiketak banan-banan eman, eskatzaileak ordenean pasa zitezen nola jarri, zenbakiak nork esan eta txartelak nork jaso... Azken horretaz arduratu ziren Dikra, Malak eta Moha. Enparantza horretara iritsi zirenerako zain zituzten dozenaka pertsona eta berehala jarri ziren martxan: Malakek tiketak banatu zituen eta Dikrak eta Mohak zenbakiak esan zituzten euskaraz, gaztelaniaz eta dajiraz (Dikrak azaldu zuenez, batez ere Maroko iparraldean erabiltzen duten dialekto bat da). Orduantxe iritsi zen bigarren taldea Lasarte-Oriatik, janariz betetako kaxa ugarirekin. Erdian jarri eta ekarritako guztia banatu zuten, agortu arte, 15-20 minututan. Elikagaiez aparte arroparik ba ote zuten galdetu zuen joandako batek, eta erantzun zioten baietz, jantziak-eta ematen dituztela baita ere, baina Herreran. 

Banaketaren 'partea'

"Ongi joan da gaurkoa", esan zuten Iraitzek eta Gemak, lanak bukatu berritan. "Maider, bidal ezazu igaurko banaketaren partea KASeko kideen WhatsApp taldera, gaurkoa nolakoa izan den jakin dezaten". Egindako lanagatik nekatuta baina pozik zeuden gure herritik joandako boluntarioak, eta lankidetzarekin aurrera jarraitzeko gogoz. "Gaurkoan asko elkartu gara Xirimirin, ea aurrerantzean dinamikari eusten diogun". Parte hartu nahi duenak aukera polit bat izango du hilabete barru, otsailaren 25ean hain zuzen ere. Printzipioz, elkartasun sarekoek asmoa dute hilabete bakoitzeko azken asteartean elkartzeko eta afari solidarioak prestatu eta banatzeko. 

Gisa horretako egoerekiko kontzientzia eta laguntzeko grina pizteko ez dago bertatik bertara aritzea bezalakorik. Banaketaren ostean eta bakoitza berera itzuli baino lehen, Gemak baliatu zuen une hori kale egoeran dagoen pertsonetako bat taldeari aurkezteko: adingabeen zentro batean bizi izan zen 18 urte bete arte, eta, urtebetetze horren egunean bertan kaleratu zuten, baliabide gehiagorik eman gabe. "Izugarria da horrelako egoerak bizi behar izatea".

Ondoren, Marrumara joan ziren bueltan, tiketak zenbatu eta egindakoa errepasatzera, eta, banatzaileak, goxo afaltzera. Tarte horretan, gogoeta hau egin zuen Dikrak: "Nahi dut nire seme-alabek ikustea zer-nolakoa den errealitatea, ikas dezatela daukatena baloratzen". Malakek ikusi eta bizitakoaz hitz egin zuen, etorkizunean primerako gizarte langile bat izango denaren  pasioarekin (Gizarte Hezkuntzako gradua ikasten ari da eta laster praktikak egiteko garaia izango du), eta, Moha txikiari, normala den bezala, janari artean ibili ostean afaltzeko gogoa jarri zitzaion.

Gaueko hamarrak jotzear zirela egin zuen afari legea gaztetxoak, arrebarekin, amarekin eta Xirimirin afaltzera geratu ziren elkartasun sareko beste zenbait kiderekin. Arroza jan zuten, barazkiekin.

Gaur, bihar, etzi... ere bai

Elkartasun sarekoak, esan bezala, otsailaren 25ean elkartuko dira Xirimirin berriz ere, egun horretako afaria prestatzeko. Lauak aldera bertaratzen denak han topatuko ditu kideak eta baita egitekoa ere. Tamalez, atzo bezala gaur behar berbera izango dute ehunka pertsonak, eta bihar, eta etzi... Beraz, horretan jarraituko dute KASeko kideek, Gipuzkoa plazan ez ezik, Amaran eta Parte Zaharrean ere makina bat otordu banatuta, musutruk eta boluntario ari diren pertsonen laguntzari esker.

Zentzu horretan, egitasmoa lagundu nahi dutenek badituzte bide ugari horretarako: otorduak kozinatu, gainerako lanak aurrera eramaten lagundu, ekonomikoki babestu edota egitasmoaren berri eman eta horren aurkako jarrerak salatu. Azken horri lotuta, Donostiako Udalak urri amaieran erabaki zuen Egiako taldeari auzo horretan afariak ematea debekatzea, egun batzuk lehenago KASekoen eta kale egoeran daudenen aurka (mezu xenofobo eta arrazistak zabalduta, besteak beste) dozenaka donostiarrek (PPko zinegotziak barne) egindako "baimenik gabeko" manifestazio baten ondorioz, Irutxoloko Hitza hedabideak orduan berri eman zuenez. Egitasmo solidario horren sustatzaileek, ordea, aurrera jarraitzea erabaki zuten eta Egian banatzen zutena Gipuzkoa plazan ematen dute orain. 

Bitxia izaten da: horrelakoetan, estimu beroena merezi dutenak izan ohi dira laguntzera joan zaizkienei etenik gabe eskerrak ematen dizkietenak. Hala egin zuten atzo Gemak eta Iraitzek: "Hilabetean behin zuena bezalako boluntario talde bat honetaz arduratzea sekulakoa da guretzat; eskerrik asko".  

Elkarri eskerrak eman eta lankidetzan jarraitzekotan geratu ziren batzuk eta besteak. Bestela esanda, gero eta indibidualistagoa den gizarte batean, komunitatearen beharra aldarrikatu eta garrantzia ikusarazten; kaleetan eta sare sozial digitaletan bolo-bolo dabiltzan arrazakeriari eta xenofobiari, hezur eta haragizko sareekin erantzuten; elkartasuna kozinatzen.