Jon Martin herritarra, 2032ra arte txuri-urdin

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 23a

Jon Martin eta Jokin Aperribay, akordioa sinatu ostean. Arg.: Real Sociedad SAD

Realaren denboraldiaurrea aurrera doa eta Jon Martin berri izan da gaur. Lasarte-Oriako atzelariak 2031-2032 denboraldira arteko akordioa sinatu du Realarekin

 

 

Aurreko denboraldi amaieran Jon Martin herritarraren izena batetik bestera ibili zen eta beste taldeen jomugan zegoela ere argitaratu zen. Gaur Jon Martinek Realarekin zuen akordioa berritu du eta Donostiako taldean jokatzen jarraitu nahi duela argi utzi du jokalariak; 2031-2032 denboraldi arteko kontratua sinatu du.

Realak jakitera eman duenez, txuri-urdinen oraina eta etorkizuna da lasarteoriatarra. 20 urte besterik ez dituen arren, Matarazzoren hamaikakoan jokalari finkoetako bat da eta funtsezko kidea atzeko lerroan.

Real Sociedad TVri eskaini dizkio lehen hitzak herritarrak eta adierazi dio “oso pozik” dagoela kontratua luzatu duelako: “Realak dena eman dit”. Eta taldeari ahal duen guztia ematen jarraitzeko gogo dagoela jakitera eman du, baita aldagelan begiratzeko eredu ugari duela ere: “Mikel, Igor, Ander… niretzat erreferenteak dira, eta ahalik eta gehien ikasten saiatzen naiz haiengandik".

Realak gainera bideo bat egin du berritzea jakinarazteko:

Ligan aldaketak

Ligako prestakuntzari dagokionez, hilaren 18an, partida jokatu zuen Zubietan Realak. Santanderreko Racing izan zuen aurkari. 

Martin herritarra bigarren zatian atera zen zelaira, baina ez zen lasarteoriatar bakarra izan. Matarazzok Sanserrekin lanean dagoen Lander Astiazaran deitu zuen neurketan parte hartzera eta Martinekin batera izan zen jokoan.

Aurten Ligan ikusiko dute elkar bi taldeek; izan ere, Racing EA Sports Ligara igo berri baita. Bana berdindu zuten; txuri-urdinen gola Oskarssonek sartu zuen.

Bestalde, Munduko txapelketako azken faseak Realaren egutegian izan du eragina. Ligako lehen partida Real Madrilen aurka zuen Donostiako taldeak abuztuaren 15ean, baina norgehiagokaren atzerapena onartu du Ligak eta abuztuaren 26an, asteazkenarekin neurtu dituzte indarrak. Eta ondorioz, hilaren 21ean, Sevillan hasiko du txapelketa Realak Betisen aurka.

Aldaketa hori dela eta, talde txuri-urdinak denboraldiaurrean partida bat gehiago jokatuko duela jakitera eman du. Abuztuaren 15ean, Chelsea izango du aurkari, Stamford Brigden (Erresuma Batua).

Ez da herrialde horretara egingo duen bidai bakarra izango. Hilaren 25ean eta 28an, Matarazzoren ekipoak Wolverhampton eta Aston Villa taldeen aurka neurtuko ditu indarrak.