Denboraldia amaitzeko partida baten faltan bildu ginen Realeko hamaikakoan finkoetako bat izan den defentsarekin Zubietako harmailetan. "Bukatzeko gogoekin" zegoela nabermendu zuen: "Partida asko izan dira eta Errege Kopa ondoren ere lehia asko jokatu ditugu". Eta Espanyolen aurkako azken partidan "ahalik eta ondoen amaitu nahi" zutela eta "irabaztera" zihoazela ere erantzun zigun. Azkenean, Oskarssonen golarekin aurrea hartu arren, perikoek bana berdintzea lortu zuten eta puntu banaketarekin konformatu behar izan zuten.
Hala eta guztiz ere, denboraldi ederra egin du Lasarte-Oriako jokalariak eta aurtengo garapenaren eta bestelako gaien gainean egindako galderei erantzun zigun, prestuki.
Denboraldiaren errepaso azkar bat egingo dugu. 20 urtez azpiko Mundiala jokatzeko zinela lesioa izan zenuen. Zer pentsatu zenuen momentu horretan?
Liga hasi eta 20 urtez azpiko selekzioarekin jokatzeko aukera agertu zitzaidan. Txilera joan nintzen eta lehenengo entrenamenduan orkatila bihurritu nuen eta buelta... Bueltan, hemen, hilabetetxo bat eta berriro prest.
Gogorra egin zitzaidan, selekzioarekin joateko gogoa nuen. Nik normalean ez ditut horrelako lesioak izan eta beraz, ez nago oso ohituta egoera horietara. Sendatu eta pixkanaka-pixkanaka dinamikan sartzen eta partidak jokatzen hasi nintzen.
Horren ostean, pixkanaka eta entrenatzailez entrenatzaile zure postua borrokatu eta hamaikakoan jokalari finkoa izan zara. 50 partida jokatu dituzu dagoeneko.
Pozik nago, nik uste dut aukera asko izan ditudala, partida asko jokatu ditut denboraldi honetan eta azkenean jokalari batek hori nahi du; minutuak izan hobetzen joateko. Nik aurten izan ditut, beraz, oso pozik nago.
Iazko urtea maila hartzekoa izan zela esan daiteke eta aurtengoan garapenaren urtea?
Lehengo urtean ni berez Sanseko jokalaria nintzen, baina partida bakarra jokatu nuen, Osasunaren kontra. Beste guztia lehen taldearekin eman nuen entrenatzen. Hasieran zerbait jokatu nuen Europan; egia da Ligan ez nuela asko jokatu. Baina kontentu bukatu nuen, ze azkeneko zazpi-zortzi partidatan izan nintzen zelaian. Beraz, horregatik oso pozik nengoen eta urte honetan, esan dudana, pixkanaka-pixkanaka joan naiz eta, orain, gogor bukatzen.
"Partida asko jokatu ditut denboraldi honetan eta jokalari batek hori nahi du"
Defentsa zarenez banakako borroka horretan oso adi egon zara, baina aireko jokaldietan ere bai. Gainera, bi gol egin dituzu aurten. Pozik zaude horrekin?
Bai, oso pozik. Nik beti esaten dut azkenean ni defentsa naizela, zentrala naizela, beraz, nire lana defentsa lanak egitea da. Baina gero golekin taldeari laguntzeko aukera badut, ba poztasuna handiagoa da. Aurten bi sartu dira, ea hurrengoan gehiago diren.
Reala Europako postuetarako egon da borrokan Ligan, baina azkenean Errege Kopa irabazita lortu du txartela. Aurtengo helburua bete duzue? Edo gehiago espero zenuten?
Bai, nik uste dut helburua zela. Beti da helburua, azkenean Realak azkeneko bospasei urteetan lortu duen zerbait da, beraz hemen jendea ohituta dago. Hor ere presio pixka bat izan dugu. Gainera, guk ere sinisten dugu Europan egoteko taldea eta kluba garela.
Errege Kopaz ari garela, bi momenturen gainean galdetu nahiko nizuke. Lehena, Eldako partida. Zure lagun, harrobikide Astiazaranen debuta izan zen. Zer sentitu zenuen laguna zelaian zurekin batera ikustean?
Beno, ba poz handia. Azkenean txikitatik elkarrekin gaude. Ostadarren hasi ginen, Realera ere elkarrekin sartu ginen eta azkenean ba ia maila hauetan biak elkarrekin jarraitzea, ba poz handia eman dit eta ba ilusio asko ere bai.
"Errege Kopako aste hori eromena izan zen; beno, hilabete hori guztia. Athletic garaitu genuenetik"
Eta bestea, finala. Nolako astea izan zen zuentzat?
Egia esan, aste hori eromena izan zen; beno, hilabete hori guztia. Athletic-en kontrako finalerdia irabazi genuen eta hor dagoeneko mugimendua hasi zen. Jendearen ilusioa handia zen. Guztiak bidaia hori prestatzen... Finalerako gogo askorekin ginen.
Eta beno, gero partida oraindik eromen handiagoa izan zen. Ikusi zenuten partida, zirraragarria izan zen. Eta gero ospakizun guztia. Egia esan oso kontentu nago eta betirako gauza bat izango da.
Eta egun horietan ere, jendearen gertutasuna sentituko zenuten?
Ostiralean joan ginenean Sevillara. Hotelean geunden, ezin ginen atera, baina nik Xn edo edozein sare sozialetan sartzen nintzen eta ikusten nuen han Sevillako kale guztiak beteta zeudela. Hori emozionalki indartsua da eta horrek gero partidan ondo sartzen laguntzen du.
Eta gero kopa lortzea...
Bua, hori ja... saria zen finalean egotea, baina gainera irabaztea eta nola irabazi genuen... Ba egia esan zoramena izen zen.
Ostean, herritarren berotasuna jaso zuen Realak Donostian eta Lasarte-Orian ere Astiazaranekin batera Okendo bete zenuten. Nola bizi zenuen?
Bueno, Donostiakoa oso ondo egon zen, jende pila etorri zen gurekin garaipena ospatzera.
Baina Lasarte-Oriakoa ez nuen espero. Espero nuen giroa egongo zela, baina egia esan hainbeste jende, azkenean Okendo plaza guztia beteta zegoen, hori ere ez nuen espero. Pixka bat urduri nengoen, zeren eta azkenean lehenengo aldia zen nire herriaren aurrean. Baina oso pozik. Oso pozik eta eskertuta.
Egunerokotasunean ere jendea gerturatu zaizu eta animoak eman dizkizute?
Bai. Lasarte-Orian, batez ere, bizitza normala egiten dut. Ez naiz erdialdean edo asko ibiltzen, baina lagunekin eta jaisten naiz zerbait hartzera edo edozer. Eta bai, azkenean jendea gerturatzen zaizu zoriontzera, argazki baten bat egitera eta horrekin ere eskertuta nago.
"Lasarte-Oriakoa ez nuen espero. Urduri nengoen, lehenengo aldia zen nire herriaren aurrean"
Lanak ere bere fruituak ditu. Zure izena komunikabideetan ezaguna egin da eta beste taldeekin lotzen saiatu dira. 2031ra arte kontratua duzu. Hurrengo denboraldian ere Realeko elastikoarekin ikusiko zaitugu zelaian?
Bai, gauza asko esaten dira eta gauza asko entzuten dira. Ni hemen zentratuta nago. Bizitza osoa daramat hemen, nire etxea da. Oso kontentu nago eta jarraitzeko asmoarekin.
Eta 31 dortsala alde batera utziko duzu?
Beno, egia esan ez da gauza bat garrantzi handia ematen diodana, baina beno, izan liteke, izan liteke.
[Elkarrizketa egiterako momentuan, Espainiako selekzioko Munduko txapelketako aurre zerrendan zegoen Martin. Hilaren 25ean, Luis de la Fuentek 26 jokalarien zerrendan sartu ez arren, herritarra hilaren 30etik Irak-en lagunarteko neurketara arte, ekainaren 4a, lanean izango da taldearekin. Hau da bildu ginenean talde horrekin jokatzearen gainean erantzun ziguna.]
Espainiako selekzioaren harrobiko taldeetan ohiko izan zara azken urtean; orain Munduko txapelketerako aurre-zerrendan zure izena agertzen da. Nola hartu duzu?
Bueno, ba pozik ere, ez? Azkenean oso selekzio ona da, munduko jokalari hoberenak daude. Sartzeak ere nik uste dut meritu asko daukala. Etortzen denean etortzen bada oso pozik egongo naiz, lanean jarraitzeko asmoarekin.
Ostadarretik Europara edo Munduko txapelketara. Zein oroitzapen dituzu Michelin zelaiko entrenamenduen gainean?
Egia esan oso onak. Han hasi nintzen, Lasarte-Orian, Ostadarren, Michelinen, nire lagunekin. Ondo pasatzeko asmoarekin. Eta azkenean pixkanaka-pixkanaka pausoak ematen honaino iritsi naiz, eta egia esan oso eskertuta nago beraiei.
Michelinetik Zubietara haur askoten ametsa bete duzu. Errege Kopa baino lehen kuadrillakoek “Ume baten ametsa egi bihurtuz” pankarta atera zuten. Bi urte egin dituzu profesional modura, oraindik amets asko izango dituzu betetzeko...
Noski, azkenean nire ametsa jokatzen eta disfrutatzen jarraitzea da. Eta Kopako tituluko edo egun horietako ahalik eta gehien bizitzea, oso ona izango litzateke.
Nola ikusten duzu zure ibilbidea? Realean zaude zentratuta, baina defentsa onena izateko ikusten duzu bidea aurrera egitekoa?
Ez zait asko gustatzen ere oso urrutira begiratzea. Ni oso gaztea naiz eta lanean jarraitu behar dut. Momentuz, bihar, [Espanyolen aurkako partidaz ari da] ondo bukatu. Deskantsatu, eta gero, denboraldiaurrean ondo eta indartsu hasi.