Esan bezala, sei establezimenduk parte hartuko dute aurtengo ekimenean: Arima Gastrotaberna, Arkupe taberna, Bar Lasarte, Buenetxea taberna-kafetegia, Herriko Etxea jatetxea eta Oria Txiki taberna. Horiek guztiek bi osagai hauek erabili beharko dituzte elaborazioetarako: bakailaoa eta piperrak, gorriak edo berdeak. Antolatzaileek azaldu dutenez, Santa Ana eta San Joakin eguneko ospakizunarekin "lotura estua" duten jakiak dira horiek biak. Gauzak horrela, imajinazioa eta eskuak dantzan jarri beharko dituzte sukaldariek, larunbatean euren negozioetara bezeroak erakartzeko. Pintxo guztiak 3 eurotan salduko dituzte.
Ekimen horren bidez, beraz, igandera itxaron gabe ospakizun giroan murgiltzera animatu dituzte lasarteoriatarrak. Aterpeak aurrera eramango duen azken jarduera da, abuztuko oporren aurretik.
Udaleko Sozioekonomia zinegotzi Nuria Fernandezen hitzetan, horrelako kanpainek "herriko kaleetan giroa sortzen laguntzen dute, herritarrak tokiko ostalaritzan kontsumitzera animatzen dituzte eta udalerriko tradizio biziei eusten diete".