Lasarte-Oriako futbolariak ederki, Donosti Cup zein Authentic Cup lehiatan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 16a

Asier Berraondo herritarra Borja Pera eta taldekideek altxata. Arg.: Donosti Cup.

Donosti Cup txapelketa amaitu da. Hilaren 12an jokatu ziren azken finalak eta Lasarte-Oriako ordezkariek ezin izan zuten horietan egon. Texas Lasartearra CF-ko B10 taldea final erdietan geratu zen. Authentic Cup lehia ere izan zen eta herritarrak ederki gozatu zuten

Donostia Cup-en barruan, Authentic Cup txapelketa ere jokatu zen hilaren 8an eta 9an, Hernaniko Zubipe eta Donostiako Miniestadioko zelaietan.

Zortzi talde izan ziren nor baino nor eta horien artean izan ziren Asier Berraondo, Borja Pera eta Iosu Zabache herritarrak kide dituzten Atzegi eta Reala. Berraondok Gipuzkoako Selekzioaren aurkako lehian jokalari onenaren saria jaso zuen.

Finaleko ateetan

Hilaren 11n eta 12an, Donostia Cup txapelketako Europa League eta Champions Leagueko txapeldunak erabaki ziren. Ez zen horietan Lasarte-Oriako talderik izan, baina Texas Lasartearra CFko B10 taldea ateetan geratu zen.

Talde zuri-urdineko gazteek lan ederra egin zuten Europa League fasean eta kanporaketaz kanporaketa Japonia, Andaluzia eta Donostiako taldeak irabazi zituen. Final erdian ezin izan zuen Kotskas gainditu. 

Lehen fasearen ostean, euren multzoko hirugarren edo laugarren izateagatik Lasarte-Oriako taldeetako ordezkariak Europa Leaguean aritu ziren; Ostadar SKTko B12a izan ezik. 

Urdin-beltzak Champions League fasea jokatu zuten, baina lehen hitzorduan kanporatuak izan ziren Ontime Union Academy madrildarren A taldearen aurka.

Gainerako Ostadar SKT zein Texas Lasartearrako ekipoek ere ez zuten zorte askorik izan bigarren faseko lehen neurketan. Ikus goiko koadroa.

Lasarte-Oriako futbol taldeak dagoeneko hurrengo denboraldiari begira ari dira lanean eta entrenamendu bereziak egin dituzte azken asteetan. Orain atsedenaldia etorriko da.

Erlazionatuak