"Joan den ekainaren 18an anbulategiaren aurrean egindako kontzentrazioan gure kezka agertu genuen uda garaian osasun arretan eman zitezkeen zerbitzu murrizketen inguruan. Gure aurreikuspen ezkorrenak bete dira: denboran atzera egin eta udan Lasarte-Oriako osasun zentroa 17:00etan itxiko da berriro. Iazkoa, 19:00etan ixtea, espejismo hutsa izan zen. Ez zion erantzuten osasun arreta ahalik eta onena izaten saiatzeko ahalegin zintzo bati. Ez, amarru bat besterik ez zen izan, azken urteetan lasarteoriatarrok sufritu dugun mediku faltaren aurrean kalean agertutako haserrea goxatzeko. Gure ustez, denok ikasi beharko genuke zerbait hortik.
Aipatutako kontzentrazio horretan, EAG delakoen egoera ere salatzen genuen eta, zehazki Lasarte-Oriari dagokionez, Hernaniko Larrialdi Zerbitzuarena. Horretan ere, aurreikuspen ezkorrenak bete dira. Medikuak astero esleitzen zaizkio zerbitzuari; bada, iristen zaizkigun informazioen arabera, badaude egunak zeinetan ez dagoen medikurik esleituta. Hau da, 17:00etatik aurrera ez dugu medikurik izango anbulatorioan... ezta Hernaniko Larrialdietan ere.
Txertoen afera. Maiatzaren 30tik 31ra bitartean, hotz katearen haustura baten ondorioz, txertoen 708 dosi 33 orduz egon ziren gomendatutako 8 graduko tenperaturatik gora, 25 graduetara iritsiz. Hala ere, ekainaren 1etik 8ra bitartean, horietako 66 txertorekin 62 paziente inokulatu zituzten, adingabeak zein helduak, eta horren ondorioz 5 paziente txertatu behar izan zituzten berriro. Datuak larriak dira eta, aldi berean, adierazgarriak. Momentu hartan gure buruari galdetzen genion ea zergatik ez ziren intzidentziak txertoak jarri aurretik detektatzen. Legebiltzarrean egindako galdera bati erantzunez, sailburuak berak eman digu azalpena berriki: tenperatura anomaliak detektatzen dituzten mekanismoak egun batzuk geroago egiaztatu ziren. Horregatik, bestelakoa da orain galdera: zertarako balio du gorabeherak detektatzeak, berandu detektatzen badira? Erantzunaren zain geratzen gara.
Bereziki larria eta guztiz salagarria iruditzen zaigu joan den uztailaren 3an Gazteizen gertatutakoa, Kalitatezko Osasun Publikoaren Defentsarako Plataformen Koordinakundeko ordezkari batzuk, tartean LOOPAko ordezkari bat, Osakidetzako Zerbitzu Zentralen egoitzara joan zirenean Zuzendari Nagusiarekin elkarrizketa bat izateko eskaera erregistratzera.
Haien asmoa zen Erregistroan egindako tramitearen irudi grafiko bat edukitzea, eraikinaren barruan edo kanpoan izan zitekeena. Asmo ustela, ordea. Eraikinaren segurtasun pribatuak eragotzi zien lehenengo argazkirik egitea, eta Ertzaintza izan zen gero haien atzetik joan eta identifikatzera behartu zituena. Antza denez, Gazteizera bilera bat eskatzeko joatea beste deliturik egin ez zituzten herritarrak beldurtzea zuten helburua. Argi dugu, kasu horretan aplikatutako tratamenduak zerikusia gutxi duela osasun demokratikoaren defentsarekin".