Argi adierazi dute ez dutela onartuko osasun publikoa "modu planifikatuan desegitea"

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 19a

Osakidetza kudeatzen dutenen konponbiderik gabeko promesak entzuteaz "nekatuta" daudela adierazi dute osasun zentro atarian elkartu diren dozenaka pertsonek. Donostialdeko ESI erakundeko Etengabeko Arreta Guneen "egoera katastrofikoa" salatzeaz gain, tenperatura desegokiko dosiak txertatu zieten lasarteoriatarren kasua deitoratu dute. "Zergatik ez dituzte intzidentziak detektatzen txertoak jarri aurretik?". 

Kalitatezko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek egin zuten deialdia atzo arratsalderako eta, 17:30ak aldera beroa egiten zuen arren, dozenaka pertsona bertaratu ziren, baita komunikatua irakurtzeko hitza hartu zuten gure herriko LOOPA eragileko kideak ere. Aurretik Donostian salatu bezala, Donostialdeko ESI erakundeko Etengabeko Arreta Guneen egoera "guztiz eskasa" kritikatu zuten, 2024ko txanden %36,4ean medikurik egon ez zela jakinarazita. Bestalde, lasarteoriatarrei modu zuzenean eragiten dien Hernaniko Larrialdietako Eskualdeko Zerbitzuaz mintzatu ziren, bertako situazioa hobea ez dela nabarmenduta. Horren arduraduna den Maite Martinezi biltzeko eskatu arren, adierazi zuten oraino ez dutela erantzunik jaso eta horregatik ari direla elkarretaratzeak egiten: hilabete honetan Donostian, Errenterian eta gure herrian bertan izan dira.

Arestian aipatutako arazoek "arriskuan" jartzen dute herritarren osasuna, manifestarien aburuz: "Ekitatea hausten du zerbitzuetara iristeko eragiten dituen zailtasunengatik eta gehiegizko karga sortzen du ospitaleetako larrialdi zerbitzuetan". Horren aurrean, "egiturazko konponbideak" eskatu zituzten, unean uneko partxeak ezartzeko politika alde batera utzita.

Promesez "nekatuta"

Osakidetza kudeatzen dutenen eta agintarien hitz goxoez "nekatuta" daudela esan zuten argi eta garbi. "Errealitatea oso egoskorra da eta kontrakoa erakusten digu egunero: gero eta aseguru pribatu gehiago kontratatzen dituzte eta osasun zerbitzu publikoen sarbidean areagotzen ari dira desberdintasunak, dirua dutenentzat mota bat eta ez dutenentzat beste bat sortuta". 

Udaren atarian gaudenez, errezeloz begiratzen diote urtaro horretako zerbitzuari: "Gehiago murriztuko dute dagoeneko murriztuta dagoen hori?". Gaineratu zuten ez dutela onartuko "osasun publikoa modu planifikatuan desegitea".

Amaitzeko, atzo bertan albiste izan zen kasuaz mintzatu ziren: txertoak tenperatura egokian mantentzeko hozkailuen hotz katean izandako arazo batzuen ondorioz, hamazazpi dosi ez zituzten behar bezala jarri (horietatik bost, herritarrei). "Lasarte-Oria txertoak gaizki jarri dituen udalerrien zerrendan sartu da, protokoloa ez baitute errespetatu. Eta ez gara lehenak. Herritarroi informazioa gardentasunez ematea eta horrelakorik berriro ez gertatzeko neurriak hartzea eskatzen dugu". 

Erlazionatuak