Ikasturtearen errepaso umoretsua prestatzen hasiko dira aktoreak gaur

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 13a

Urtero legez hilaren 26an ospatuko dugu Santa Ana eta San Joakin eguna. Ekimenez betetako egitaraua prestatzen ari dira Lasarte-Oriako Udala eta Ttakun Kultur elkartea; horren barruan, ohi bezala, ikasturteak emandakoa umorez errepasatuko dute Okendo plazan antzeztuko duten parodian. Gaur egingo dute aurreneko entsegua, 18:00etatik aurrera, kultur etxean. Deialdi irekia dela zehaztu dute.

Hilaren 24ra arte entseatuko dute, egunero, astelehenetik ostiralera. 20:00etan amaituko dituzte saio guztiak.

Tradizio handiko jarduera da Santa Ana eta San Joakin eguneko parodia. Iaz aurrera eraman zuten 75. edizioa eta, urtemuga hori oso berezia izan zenez, musikal formatua erabili zuten antzezpenerako, esketxak eta emanaldirako propio prestatutako kantuak zuzenean interpretatuta. Gutxi falta da gidoilariek aurtengorako prestatu dutenaz gozatzeko.