Zeregin horiekin jarraitu aurretik igaro berri diren festak errepasatu dituzte Valdiviak eta Alonsok. "Sanpedroak posible egin dituzten guztiei egindako lana eskertu nahi diet: udal langileak, Udaltzaingoa, Ertzaintza, Gurutze Gorria, eragileak, erakundeak, boluntarioak, garbiketa zerbitzuak, enpresa laguntzaileak, egitarauko ekimenak aurrera eraman dituzten norbanakoak eta taldeak... Guztiok elkarlanean aritzen garenean gauza ederrak egin ditzakegu", adierazi du alkateak. Halaber, herritarren "portaera ona" balioan jarri du eta "istilu larririk" egon ez dela nabarmendu du. Edonola ere, festetan zehar kaleak oraindik ere "zikinegiak" egon direla iruditu zaio: "Aurtengo gauza okerrena hori izan da".
Sanpedro "lasaiak"
Segurtasunaren atala izan dute hizpide, besteak beste. Valdiviak eta Alonsok bereziki azpimarratu dute sexu erasorik ez dela gertatu eta eraso matxisten aurkako udal protokoloa ez dutela aktibatu behar izan. Ildo horretatik, jakinarazi dute udaltzainek 132 esku hartze egin zituztela festek iraun bitartean: trafiko istripuengatik bi; salaketengatik hamahiru; ibilgailuen zirkulazioagatik hamabost; herritarren segurtasunarekin lotutako kontuengatik 36; eta "bestelako jarduerengatik", 66. "Ez zuten inolako esku hartzerik erregistratu genero indarkeriagatik edota sexu askatasunaren aurkako delituengatik".
132
UDALTZAINEN ESKU HARTZEAK
Sexu askatasunaren aurkako delituengatik edo genero indarkeriagatik, bat bera ere ez
Arestian aipatutako protokoloari lotuta, udal ordezkariek balioan jarri dute neurri sorta horren "funtzionamentu ona". Azaldu dute goizero koordinatu zirela Udaltzaingoaren buruzagitza eta udaleko Berdintasun departamentua: "Gaueko txandetan gutxienez polizia agente bat egotea bermatu genuen eta ez zen beharrezkoa izan balizko biktimentzako egokitutako espazio segurua erabiltzea".
Bestalde, "jaietan ohikoak diren gorabeherak" artatu bazituzten ere, hala nola mozkorraldiak, eztabaidak, borroka txikiak edo erorikoak, inor ez zuten ospitalera eraman behar izan.
Alonsok azaldu duenez, "ez betetze puntual batzuk" aztertzen ari dira, "ostalaritza establezimendu batzuekin eta Sorgin Jaiak-ek jarritako txosnen ordutegiekin lotutakoak". Dokumentazioa eta txosten teknikoak biltzen ari dira, "zigor espedienteak irekitzea bidezkoa den ala ez zehazteko".
Kontzertuetan, "jendetza"
Ekainaren 26tik 30era arteko ekimen erakargarrienak kontzertuak izan zirela uste du Alonsok. "Bereziki harritu ninduen Hazasek bildu zuen jendetza Okendo plazan; banekien aurtengoa dela bere urtea baina halere txundituta geratu nintzen, ez nuen horrelako harrera espero". Musikari herritar hori ez ezik aipatu ditu baita ere JAGOBA, Süne, Chambao, La Orquesta Mondragon eta Mocedades. Bestalde, haurrei begira antolatutako jarduerak ere "arrakastatsuak" izan zirela adierazi du; batez ere, Tximistarreta parkean aurrera eraman zuten Circus Feria. Hurbileko suen erakustaldiari buruz hitz eginda amaitu du burutu zituzten ekimenen errepasoa: "Asmatu dugu ikuskizuna Sasoeta LH ikastetxeko patiora eramatearekin. Nire iritziz, toki onena Andatza plaza da baina hezkuntza zentroa osoagoa da zaindu beharreko segurtasun baldintzei dagokienez, batez ere, hesiturekin zerikusia duten kontuengatik". Horri lotuta, zehaztu du Gurutze Gorriko boluntarioek bi erredura txiki besterik ez zituztela artatu behar izan; kartutxo hondarrek eragin zituzten biak ala biak.
Tamalez, eguraldiagatik ezin izan zuten egitarau osoa bete. Bereziki zaila izan zen ekainaren 28a, arratsaldeko zazpietatik aurrera sekulako euri jasa bota zuelako, goizaldeko ordu txikietara arte geratu ez zena. Horren ondorioz, bertan behera utzi behar izan zituzten berrikuntzetako bat zen Holi Festa eta El Gato Con Jotas taldeak Jaizkibel plazan eman behar zuen kontzertua. "Baldintzak horiek izanik, ezin genuen musikarien segurtasuna bermatu". Beste zenbait jarduera, herri kirolen erakustaldia esate baterako, ez zituzten bertan behera utzi baina tokiz aldatu behar izan zituzten.
Ekainaren 28ko euritea tarteko, zenbait jarduera bertan behera utzi behar izan zituzten
Azaldutako horri guztiari buruzko informazio gehiago aztertzen ari direla eta orain arte jasotako "iradokizunak nahiz kritika eraikitzaileak" kontuan izango dituztela azpimarratu du Alonsok, bukatzeko. "Urtez urte are sanpedro hobeak prestatzea da gure helburua eta bide horretan jarraituko dugu lanean: guztion artean gozatzeko, elkarrekin bizitzeko eta partekatzeko festak antolatzen jarraitu nahi dugu".