Tximistarreta parketa hurbildu diren haur eta gaztetxoek zirku bateko postuetan ibili ahak izan dira. Dardoak, indar probak, zirkuko arropak janztea, ipuin kontalaria, poteak botatzea... denetarik izan dute probatu edo gozatzeko. tiketak lortuaz gainera, momentuan egindako krispeta gozoak ere dastatu dituzte. Ikuskizunak ere izan dira zirkuko pistan; malabarek eta akrobaziek ikusleen txaloak eragin dituzte.
Bien bitartean, Jaizkibel plazan Perli eta Koxkolok bidai musikala egin dute euren paradisu gustukoen bila. Zirkua, oihana... hainbat leku izan dira bikote honen geltoki.
LOZET-eko erraldoi eta buruhandien konpartsak San Pedro jaietako azken kalejira egin du. Herriko erdiguneko kaleetatik ibili dira Ezpelur Barañaingo gaita jotzaileek lagunduta. Buruhandiek gaztetxoenen atzetik korraika ibili edo txikiei eskua ematen zieten bitartean, erraldoiek hainbatetan egin dute dantza. Horrez gain, Ormazabal loradendara hurbildu dira eta bertako Ramon Ormazabalen eskutik oparitxo bat jaso dute herrian egiten duten lanaren eskertza modura.
Ederki mugitu dute gorputza Isla plazara hurbildu diren herritarrek. Tsunami orkestraren eskutik doinu ezberdinak, hala nola, pasodobleak, kunbia, merenge edo rantxerak dantzaru ahal izan dituzte.
Benito Rosek trial txirrindularitzako erakustaldi ederra egin du, Andatza plazan. Bizikletan zein motorrean ibilaldi ezberdinak egin ditu eta abilezia fina erakutsi du oztopoak gainditu eta erronkak gauzatuz.
Espero baino lehen, entzun dira Balcan Paradise Orchestra taldearen metal eta perkusio doinuak Okendo plazan. Instrumentuetakin edo ahotsarekin abesti ezberdinak eskaini ditu taldeak eta balkanetako erritmo biziak eta doinu goibelak nahastu dituzte emanaldian zehar. Doinu ezagunen bertsioak ere eskaini dituzte, hala nola, Bella Ciao edo Pulp Fiction eta Los Chicos del Coro filmetako abesti nagusia.