Oria ibaian bainutxoa, dantza eta manifestazioa euripean

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 28a

Sorgin Jaietako kideek Oria ibaiko jaitsiera berreskuratu dute. Umore ona izan da nagusi hasieratik bukaerara, baira sari banaketan ere. Kukukako dantza taldeak arratsaldeari erritmoa eman dio eta gauari hasiera eman baino lehen, 'LGTBIQ+fobiaren aurrean, sarea eta elkarzaintza' lelopean bildu dira sorgin eta herritarrak aterkiak eskutan

Urteak pasa dira azkenengoz Oria ibaiko jaitsiera antolatu zenetik. Gaur berriro ere ontziak ikusi ditugu Oria ibaian behera eta sorginak pirata bihurtu dira.

Antolatzaileek espero baino jende gehiago bildu da Elebetzetik Hipodromoko zubira doan ibilbidea egitera. Azalpenak eman eta zenbakiak banatu dizkiete, gerora herritarrek ontzi onena bozka zezaten. Ondoren, guztiak ibaira sartu eta suziriaren soinuarekin hasi da jaitsiera.

Flotagailuak, paipoak, koltxonetak... denetariko tresnak erabili dituzte uretan ibiltzeko. Hala ere, Oriak ez zuen nahiko emari eta zati batzuetan oinez joan behar izan dira sorginak. Ibai ertzean zeuden herritarren animoak ere jaso dituzte jarduerako parte hartzaileek.

Zubira iristean harietatik zintzilik zeuden sariak jaso dituzte. Eta denak iristean talde argazkia egin dute. 

Ostean guztiak Okendo plazara hurbildu dira sari banaketarako. Bertan dantza hasi dira guztiak, borbilean jarri eta Sorgin dantza inprobisatua egin dute, esate baterako. 

Baltsa bakoitzak desfilea egin du eta lehen iritsitako taldeari eta herritarrek bozkatutako hoberenari saria eman dieta antolatzaileek. Amaitzeko, mangera atera eta dutxa kolektiboa izan dute. Primerako giroa izan da eta herriko pailazo bihurren Xalala Rikiki abestu dute ur azpian, baita Sorgin Jaietako ereserki berria ere.

Eguraldiak ongi eutsi dio Oriako jaitsierari, baina iragarpenak direla eta, Kukuka antzerki eta dantza eskolako kideek dantzaldia lekuz aldatu behar izan dute; Okendotik Oriarte Landaberrira. Dantza talde ezberdinek euren piezak eskaini dituzte eta patioa bete duten senide, lagun eta herritarren txalo zaparradak jaso dituzte.

Emanaldia amaitzear zegoela euriak egin du presentzia. Ez da nahikoa izan gaurko eguna gogora ekartzeko egin den manifestazioa eteteko. Okendo plazan bildu eta LGTBIQ+ egunaren aldarripenak hartu ditu herriko kaleak. LGTBIQ+fobiaren aurrean, sarea eta elkarzaintza lelopean herritarrek banderak eta aterkiak eskuetan ibilbide aegin dute eta plazara berriro iristean testu bat irakurri dute.

Nazioarteko egunaren sorrera ekarri zuen 1969ko ekimena gogora ekarri eta gure herrian sortu den sarearen berri eman dute. Hainbat eragileren lanketari esker Lasarte-Oriako protokolo komunitarioa landu dela adierazi dute: "Egindako lanari eskerrrak, eraso eta gorroto adierazpen ororen aurrean kolektiboki entzun eta erantzuteko tresna bat dugu".

Aurrerapauso "itzela" izanagatik ere, oraindik bidea egiteko dagoela ere nabarmendu dute: "Aurrerantzean horretan sakontzea dagokigu: eragile berriei batzeko deia luzatu; festa eremutik haratago, kontzientziazioa eta pedagogia lantzen; eta Lasarte-Oria anitz eta gozagarria eraikitzea".