Hamaikak baino lehen haurren danborradako kideak Udaletxe zahar aurrean prest zeuden herriko kaleak danbor eta kupel hotsez betetzeko. Laupa bost doinu bertan jo eta kaleetatik barrena egin dute bidea guraso, senide eta lagunek jarraituta.
Gaurko bero eta hezetasunari aurre egiteko prest zeuden laguntzaileak eta ura botatzeko espraiak lagun izan dituzte bide osoan zehar. Ohiko geldialdiak ura edo freskagarriak edan zein kroasanak jateko baliatu dituzte kideek.
Ezustekorik ere izan dute. Kale Nagusian karroetako baten gurpila trabatuta geratu da eta alde batera utzi behar izan dute, zaldia askotu ostean.
Bien bitartean, eguerdi aldera, Biyak Bat elkarteko kideek dantza erakustaldia egin dute Okendo plazan. Batxata, pasoble edo gaur egungo doinuetara gorputza ederki astintzen dutela erakutsi dute eta berrikuntza modura, sevillana ikastaroko kideak eree atera dira plazara dantzatzera.
Eta goizari amaiera emateko, Nafarroako joten doinuak nagusi izan dira Isla plazan. Bakarka, taldean edo binaka abeslariek euren ahotsekin jotak zein abesti ezagunak eskaini dituzte eta eremua bete duten ikusleek ere abesteko aukera izan dute behin baino gehiagotan.