Gaurkoa ere goizetik egun beroa izanagatik, goizeko lehen ordutik nabari ahal izan da festa giroa herrian. Jendea koloretako blusak gerrian lotuta irten da kalera goizak aurrera egin orduko.
Txupinazora fresko joateko, kiroldegiko ur jolasetan aritu dira gaztetxoak aurrena, eta Elizatze plaza ingurua hartu dute gero, gainerako herrikideekin batera; bertatik ikusi dute denek ala denek goizeko txupinaren eztanda.
Agustin Valdivia alkateak hartu du hitza, eta jaiak gozatzeko eskatu die bertaratu diren guztiei. Hori bai, suziria piztu aurretik, elkarrekiko errespetua ere eskatu du; gogorarazi eta nabarmendu du ez dutela inolako erasorik onartuko. Gogotsu egin diete txaloa aurtengo omenduei, eta suziria lehertzearekin batera, pozik eta alai egin dute kantu eta dantza txarangarekin batera. Urtero lez, konfeti eta puxikak airean, irudi ederrak utzi ditu une horrek.
Ostean, eta ohiturari jarraiki, Patxintxi saria jaso dute hiru herritar maitagarrik: Maria Dolores Iturbek, Antonio Fernandez Cepedak eta Ramon Morenok. Aintzatespen xume bezain gertukoa egin diete, senide eta gertukoek lagunduta. Hiru protagonista horien gaineko zenbait kontu eman ditu ezagutzera Bea Egizabal umoregileak. Iturbe bere irakaslea izan zela kontatu die aretoan bildutakoei. Hamalau urterekin hasi zen irakasle lanetan Andre Joakina Enean, eta ordutik, erretiroa hartu arte aritu da lan horretan. Ikastetxean, San Sebastian Egunaren harira antolatu ohi duten danborradan gidari lanetan urte luzez aritu dela ere jakin ahal izan dute entzuleek, bestelako zenbait kontu ere. Moreno eta Cepedaz ere hitz egin du Egizabalek. Bien artean antzekotasun ugari ikusi ditu. Biak dira herriko bi elkarte gastronomikotako bazkideak (lehena Semblante Andaluzekoa eta bigarrena, aldiz, Lasartearrakoa) eta biek ala biek maite dute izugarri kozinatzea. Herriari eta komunitateari emanak bizi direla ere goraipatu du umoregileak. Hunkituta jaso dute aitortza, txapela dotoreak buruan jantzita eta lore sorta eder bana eskuetan.
Gaztetxoentzat, makarroiak
Indarrak berreskuratu asmoz, eta arratsaldeko ekimenei eutsi aurretik, makarroi jan ederra egin dute herriko gaztetxoenek. Okendo plazan elkartu dira partaide guztiak Gautxori txarangak lagunduta, eta Atsobakarrerainoko bidea egin dute. Bertan aurrera eraman dute otordua, giro ederrean, eta erdigunera itzuli aurretik, ur jolasetan aritu dira.