San Pedro Jai seguruak eta parekideak izateko protokoloak

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 25a

Udal ordezkariek zein udaltzain buruak protokoloen aurkezpena egin dute.

Lasarte-Oriako Udalak San Pedro Jaietan martxan izango duen indarkeria matxistaren aurkako protokoloa zein Udaltzaingoaren segurtasun dispositiboa aurkeztu ditu. Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak, Festetako zinegotzi Txus Alonsok, Berdintasun teknikari Izaskun Rodriguezek eta Jose Luis Martinek Udaltzainburuak jakitera eman dute nola jardungo den bi arlo horietan

Lehenik alkateak hartu du hitza eta San Pedro Jaiak "bizikidetza onean eta segurtasunean" igaro daitezen egiten den aurreko lanak aurkeztera datozela jakitera eman du. 

Hori aipatuta, Lasarte-Oriako Jaietan egongo diren indarkeria matxistaren aurkako protokoloa zein Udaltzaingoaren segurtasun dispositiboa nabarmendu ditu eta horien kargu egongo diren Berdintasun teknikari Izaskun Rodriguezi eta Udaltzainburu Jose Luis Martini eman die hitza.

Protokolo eguneratu

Rodriguezek Indarkeria matxistaren aurkako protokoloaren nondik norakoak eskaini ditu. Pertsona guztiok jaiak askatasunean gozatzea du helburu protokoloak eta fokua emakumeengan eta genero disidenteengan jartzen dela azaldu du Rodriguezek.

Txostenaren oinarria 2023an Berdintasun Kontseiluarekin eta mugimendu feministarekin batera landu zen testua dela azpimarratu du teknikariak. Baina geroztik legean aldaketak egon direnez, moldatu bhar izan dute eta Gipuzkoako Foru Aldundiak berak eguneratu duen dokumentuko hainbat puntu Lasarte-Orian txertatu dituzte. 

Era berean, emakume edo genero disidente batek eraso bat jasaten duenean eskura izango dituen baliabideak azaldu ditu.  Hilaren 26ko txupinazotik (19:00) ekainaren 29ra (08:00) arreta telefono berezi bat jarriko da martxan, 688 752 603. Eta zerbait gertatuz gero, edozein herritarrek, ostalaritzan lan egiten duen edozein pertsonak edo jai eremuan dagoen edonorrek deitu dezakela nabarmendu du.

Horrez gain, udaletxean gela seguru bat ere egongo dela jaikitera eman du; erasoa jasan zuen pertsona lasaitasunez eta konfiantzan artatua izateko gunea. Berdintasun teknikariak eta udaltzainburu Martinek azaldu dutenez, udaltzainek eraso matxisten gaineko  ikastaro bat jaso dute eta udaltzain emakumeak izango dira herritarrei harrera egingo dietenak. Udaltzain emakumerik ez dagoen txandetan, Ertzaintzako emakumeak egongo direla bermatu dela ere nabarmendu du udaltzainen arduradunak. "Argi dugu biktima erdigunean jarriko dugula, bere nahiak, bere beharrak, eta jakinaraziko diogula jakin behar duen guztia edozein urrats eman edo erabaki hartu aurretik," jakitera eman du Rodriguezek.

Halaber, dokumentuak arreta kasuetan bakarrik zentratzen ez dela ere aipatu du: "Protokoloak ikuspegi feminista batetik jaien antolakuntzaren beraren berrikuspen bat dakar; antolatzen diren jardueren berrikuspena". Horregatik Jaiak gureak dira, plazerrak gureak dira leloa duen prebentzio kanpaina martxan izango da jaietan.

Eta Puntu Morea ere jarriko da Pablo Mutiozabal kaleko 2. zenbakian, hilaren 26tik 27rako gauean, 27tik 28rakoan eta 28tik 29rakoan, gaueko 00:00etatik goizeko 03:00ak arte. Informazio, prebentzio eta laguntza gune gisa funtzionatuko du. 

Hori guztia aurrera eramateko, sailen arteko lana eta koordinazioa ere hobetu dutela jakitera eman du.

Segurtasuna indartua eta kale itxierak

Udaltzainburu Martinek jaietako bost egunetarako aurreikusitako segurtasun dispositiboa zehaztu du. 

San Pedro Jaietan udaltzainen kopurua handituko txanda bakoitzeko eta hainbat jardueretan euren presentzia ere indartuko dute: "Badira txandak non zerbitzuan egongo diren agenteen kopurua bikoiztera ere iristen garen, eta batez ere lehentasuna gaueko txandari ematen zaio". Hori guztia aurrera eramateko, gainera, Ertzaintzarekin koordinatutako dira udaltzainak eta Gurutze Gorriarekin elkar lana ere izango da.

Dispositiboak arreta berezia eskainiko dio ekainaren 30eko su artifizialen ikuskizunari. Segurtasun eta larrialdi plan berezia duela nabarmendu du Martinek, ebakuazio-plan bat ere ezartzen duena.  Bertan Udaltzaingoa, Udaleko Zerbitzu Brigada, Gurutze Gorria eta osasun-zerbitzuak daude eta edozein gorabehera gertatuz gero, 112 zerbitzuarekin koordinatuta egongo dira.

Ibilbideak edo kalejirak dituzten jardueretan ere gutxienez bi agente izango direla jakitera eman du: "Galtzada inbaditzen den ekimen guztietan. Erraldoi eta buruhandiez ari gara, adibidez. Sorgin Dantza ere bai, bi danborradak (haurren danborrada zein beteranoen danborrada)edo manifestazioak".

Trafiko mailan, intzidentzia handiena Kale Nagusiaren itxiera izango da. Ostiral, astelehen eta asteartean itxierak mailakatuak izango direla adierazi du: " Ibilgailuen zirkulazioa baimenduko den uneak egongo dira, herritarren mugikortasun hori ere bermatu ahal izateko".  Larunbat eta igandean, ordea, 24 orduetan zehar itxita egongo da.

Hori dela eta, kale horretako autobus geltoki batzuk bertan behera geratzen dira, Zumaburukoa eta Kale Nagusi hasierakoa: "Geltokietan ondo seinaleztatuta egon dadin saiatuko gara, jendeak bueltaka ibili behar izatea saihesteko". Eta herritarrek Dorretxe biribilguneko eta Hotel Txarteleko geltokia erabili beharko dituzte.

Autobusak eta garbiketa

Jaietan indarrean egongo diren bi protokolo horiez gain, Alkatea jaietan egongo diren zerbitzuen eta kale garbiketaren gainean jardun da.

Autobusari dagokionez, Lurraldebuseko autobus zerbitzuen errefortzua egongo da ekainaren 28tik 29rako gauean. Andoain, Lasarte-Oria eta Donostia lotuko ditu 23:00etatik 03:00etara, orduro. Eta Mantxangorrik gaueko zerbitzua eskainiko du: "Hiru ibilbide izango dira. Bat Zabaletatik erdigunera, beste bat Zataraindik eta azkena Antxisutik, normalean ezarrita dagoen bezala. Baina berezitasun bat egongo da Antxisura doan ibilbidean; Arranbide eremuan bizi diren herritarrek auzora igotzeko eskatu ahalko dute".

Horrez gain, eguneroko garbiketa zerbitzua indartuko dela nabarmendu du eta urez baldekatuko dela azaldu du: "Iaz ere egun berotsuak izangenituen eta konturtu gienen ohiko garbiketarekin ez zela nahikoa. Horregatik aurten jaietako eremu ezberdinak urez baldekatuko dira". Eta horretarako, zisterna kamioi bat erabiliko da.

Udal brigadaren lanaz ere jardun da Valdivia. Jaietako egitaraua ekimenez beteta dagoela eta horien atzean, brigadako kideak daudela gogora ekarri du:  "Gauzak jartzen, kentzen, mugitzen edo ekartzen aritzen dira. Jaien garapenean, gainera, asko laguntzen dute, hornidura elektrikoa, saneamendua (beharrezkoa bada) eta abar babestuz".

Txus Alonso Jaietako zinegotziak eskerrak eman dizkie Berdintasun teknikari eta Udaltzainburuari aurretik egindako lanarengatik, baita guztia antolatzen izan ziren sail guztiei ere: "Zuek entzutea lasaitasun handia ematen dit jaietan, dena kontrolatuta daukagulako. Ezer aktibatu behar ez izatearen esperantza dugu".

Era berean, herritarrei jaiengatik sor daitezkeen eragozpenengatik barkamena eskatu eta herritarren zein bisitarien gizatasunari dei egin dio: "Herritarrek gozatu ahal izateko jakin behar dutela jende asko dagoela atzetik lanean. Herritarrei eskatuko nieke udal langileen eta Udaltzaingoaren jarraibideak errespetatzeko, lanean uzteko guztiei, baita garbiketako langileei ere. Horrez gain, jaietako eremuak garbi mantentzeko ahalegina egin dezagun ere eskatu nahi nuke. Eremu batzuetan ekitaldiaren ondoren tsunami bat igaro dela dirudi".

Azkenik, herritarrei jaiez errespertuz gozatzeko gonbita egin diete.