Entseguak amaituta, prest daude dantza erakustaldirako

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 19a

Hilaren 18an egin dute Sorgin Dantza prestatzeko seigarren eta azken entsegua Okendo plazan. Bero sapa egin arren, bertaratu diren herritarrek behin eta berriz errepikatu dituzte koreografiak. Andoni Iparragirre txistulariaren doinuak lagunduta egin dute dantzan, eta denek erakutsi dute prest daudela hilaren 26an erakustaldia egiteko. Ohi bezala, Joxean Belartietak eman dizkie jarraibideak dantzariei

Hiru astez, sei entsegu aurrera eraman dituzte orotara Sorgin Dantzan parte hartuko dutenek. Astearte eta ostegunetan batu dira herriko plaza nagusian, eta antolatzaileek emandako zifraren arabera, ehun lagunetik gora bildu dira deialdi horietan guztietan.  Ohiko zortzikoteaz gain, gaztetxoena ere bertan izan da, beraz, horrek erakusten du egitasmoaren etorkizuna ziurtatuta dagoela. 

Bestalde, Ttakun KEko kideek gogorarazi dute hilaren 26an izango dela Sorgin Dantza. 16:30ean elkartuko dira Orian, eta 16:45ean egingo dute lehen dantza aipatu auzoko kapera aurrean. Ostean, erdigunerako bidea hartu, eta Biyak Bat zahar egoitza parean egingo dute hurrengo erakustaldia. Ostean, Kale Nagusian dantzatuko dute, Gure Etxea eta Ilargi tabernen artean, eta handik, Okendo plazara joango dira. Txupinazoaren aurretik, bertan egingo dute azken dantza.